Itziartarrek Zabalsoro frontoian ospatuko dute inauterietako festa

Berriketan 2024ko ots. 9a, 11:13

Gaur, otsailaren 9an, egingo diete ongi etorria inauteriei Itziarren. Zabalsoro frontoian egingo dute festa; merendola, buruhandiak eta mozorro showarekin osatu dute egitaraua.

Inauterietako Festari 16:30ean emango diote hasiera itziartarrek. Urtero bezala, norberak etxetik eramandako jakiekin merendola egingo dute frontoira bertaratzen direnek eta, mokadua elkarrekin jan ondoren, buruhandiek girotuko dute ospakizuna. 

18:00etan, berriz, mozorro showa izango da. Banaka, binaka zein taldeka parte hartu ahal izango da ikuskizunean eta, antolatzaileen esanetan, "proposamen guztiak" onartuko dituzte bertan, hala nola koreografiak, antzezlanak edo playback saioak. Parte hartu nahi duten herritarrek izena eman beharko dute, 630 66 88 57 telefono zenbakira idatzita. Musikari dagokionean, partaideek aukeratutako abestiaren izenburua aipatutako telefono zenbaki berera bidali beharko dute.

Herritarrei hitzorduan parte hartzeko deia egin die Itziarko Auzo Udalak.