Iaz argitaratutako Azken galdera amari ipuinaren lehen aurkezpena Azpeitian egin ondoren, heriotzaren eta doluaren gaia haurrekin lantzea helburu duen lanaren emaitza herriz herri aurkezten dabil orain Manex Beristain. Jakitera eman dutenez, idazle azpeitiarrak Itziarren ere emango du ezagutzera bere azken lana. Gaur (urtarrilak 23) izango da ekitaldia, 18:00etan, Kale Barreneko lokalean. Gaian interesa duten haurrei eta helduei egin diete bertaratzeko gonbidapena, baina haurrek gurasoren batek lagunduta agertzea komeni dela adierazi dute antolatzaileek.
Kontakizunaren sinopsiak dioenez, egileak berak bizi izandako gertaera erreal batean dago oinarrituta lana. “Orain dela 6 urte, bikotearen heriotzak, nire bizitzako zimendu guztiak erauntsi zituen. Dolu prozesuari esker, bizitza berri bat eraikitzen hasi nintzen. Eta ipuin hau, heriotzaren oihala kentzeaz aparte, bizitzari heltzeko saiakera bat dela esango nuke. Ama galdu duen haur baten erresilientziaren aldarria”.
Zehaztu dutenez, bizitza bera bezala, heriotza, dolua, bakardadea, galera edota beldurra bezalako kontzeptuak “geruzarik gabe” lantzen ditu ipuinak. “Ekain izeneko haurraren eta haren amaren arteko maitasun istorio gordina bezain samurra kontatzen du lanak. Heriotzaren eta doluaren inguruan kontzientzia lanketa bat egitea du helburu, eta bide batez, gai horiek lantzeko baliabideak eskaintzea”.