Urteko lehen jaiak ospatzeko gogotsu daude Elorriaga auzoan. Hain zuzen ere, etzirako (urtarrilak 19) antolatu duten mus txapelketarekin abiatuko da jai batzordeko kideek beste hainbat eragilerekin batera antolatu duten egitaraua. 22:30ean hasiko da Lau-Haizeta elkartean lau erregetara, lau hamarreko eta lau usteletara jokatuko duten txapelketa, baina bertan parte hartu nahi dutenek ordu erdi lehenago izena eman beharko dute.
Larunbatean (urtarrilak 20), San Sebastian egunean, jarraituko du festak. Ohiturei jarraituz, auzoko zaindariaren omenez San Sebastian ermitan egingo duten mezarekin emango diote hasiera egunari. Jarraian, punta-puntako herri-kirolen erakustaldiak hartuko du protagonismoa. Herri-kirolen bueltako hitzordua jaietako klasiko bat bihurtu da, ezinbesteko osagaia, eta aurten eskarmentu handiko bi aizkolariren eta bi harri-jasotzaileren arteko erakustaldia izango dela iragarri dute.
Jaien azken egunean ere sabelak bete eta eztarriak bustitzeko beste hainbat proposamen egongo dira aukeran
12:00etan, auzoko plazara bertaratzen direnek, Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugertza aizkolarien arteko eta Mikel Lopetegi Urra eta Xabait Olazaizola harri-jasotzaileen arteko norgehiagokarekin gozatzeko aukera izango dute. Lanei dagokienez, Larrañagak eta Mugertza II.ak zortzi kanaerdiko moztuko dituzte eta Urra eta Olaizola, ordea, sei harrirekin ariko dira lanean.
Hurrengo orduetan, jan-edana, musika, dantza eta giro jatorra izango dira nagusi. Izan ere, trikiti doinuek girotutako bazkari eta afari bana antolatu dituzte jai batzordeko kideek; jatordu biak ala biak Urberu sagardotegian izango dira. Bazkaritan batzen direnek sagardotegiko menua izango dute aukeran, Izer eta Alabier trikitilariek girotuta. Afaritara joatea erabakitzen dutenek, aldiz, Mendaro eta Galaktiko trikitilarien emanaldiak girotuta afalduko dute. Mahai inguru batean zein bestean elkartu nahi dutenek jatetxean bertan izena eman beharko dute; 943 19 92 37 telefono zenbakira deitu behar da erreserba egiteko.
Igandean (urtarrilak 21), jaien azken egunean, sabelak bete eta eztarriak bustitzeko beste hainbat proposamen egongo dira aukeran. 12:00etan, txakolin dastaketa egingo dute Jagoba eta Maddalen trikitilariek alaituta eta 14:30ean, berriz, bertso bazkaria egingo dute karpan, Jon Maia eta Julio Soto bertsolariek girotuta. Bertaratu nahi dutenek aldez aurretik erreserbatu beharko dute tokia; interesa dutenek 680 66 31 75 telefono zenbakira whatsapp mezu bat bidalita egin dezakete erreserba.
Ondoren, Jagoba eta Maddalenek girotutako erromeria izango da eta, beti-betiko ohiturei eutsita, Lau-Haizeta elkartean egin ohi izan duten txokolate janarekin agurtuko dituzte aurtengo jaiak.
EGITARAUA
-
Urtarrilak 19, ostirala
- 22:30. Mus txapelketa, Lau-Haizeta elkartean. 22:00etan zabalduko dute izen ematea eta parte hartu nahi duten bikoteek 20 euro ordaindu beharko dituzte.
-
Urtarrilak 20, larunbata
- 11:00. Meza, San Sebastian ermitan.
- 12:00. Herri-kirolen erakustaldia, plazan. Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugertza aizkoran eta Mikel Lopetegi Urra eta Xabat Olaizola harri jasotzen ariko dira.
- 14:30. Bazkaria, Urberu sagardotegian, Izer eta Alabier trikitilariek girotuta.
- Ondoren. Kalejira auzora, Izer eta Alabierrekin.
- Iluntzean. Afaria, Urberu sagardotegian, Mendarok eta Galaktikok girotuta.
-
Urtarrilak 21, igandea
- 12:00. Txakolin dastaketa, Jagoba eta Maddalenek alaituta.
- 14:30. Bertso bazkaria karpan, Jon Maia eta Julio Sotorekin.
- Jarraian. Erromeria Jagoba eta Maddalenekin.
- 18:00. Txokolate jana, Lau-Haizeta elkartean.