Itziarko Auzo Udalaren eta Lizarbe Guraso Elkartearen ekimenez, Koldo Rabadan Itziarren izango da gaur arratsaldean. Gipuzkoako Larraul herriko eskolako irakaslea da Rabadan; 22 urteko ibilbidean ikasleekin eta bidelagun izan dituen irakasleekin bizi izandakoak eta ikasitakoak bildu ditu Argiarekin argitaratu duen Bidean. Aurrera egin nahi duen irakaslearen dekalogoa liburuan. Eta bere lanaz eta esperientziaz arituko da, hain justu, gaurko hitzorduan. Irakasle zein gurasoei haurren heziketan sakondu eta gehiago gozatzeko gakoak emango dizkie Rabadanek, eta Larraulgo eskola txikia propioa izatera nola iritsi den azalduko die bertaratutakoei.
“Itziarko eskola berria, propioa, eraikitzeko unea iritsi da! Denon artean jar gaitezen bidean!”, nabarmendu du Itziarko Auzo Udalak, eta solasaldira bertaratzeko deia egin die herritarrei. Zaintza-zerbitzua erabili nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena (688 661 842 telefono zenbakian).