Antolatzaileek adierazi dute azken urteotan Itziarko Eskolak, Lizarbe Guraso Elkarteak, Itziarko Auzo Udalak, Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak izan duten lankidetzaren beste urrats bat izan dela jarduera. “2014 urteaz geroztik, Itziarko Eskolak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Itziarko Auzo Udalak bultzatuta, Galarreta eta Arantzamendiren inguruetan Gipuzkoako Foru Aldundiak Biotopoan dituen mendi publikoetan hainbat zuhaitz landaketa egin da. 2018. urtetik aurrera, Euskal Kostaldeko Geoparkeak ere ekimenarekin bat egin du”.
Elkarlanean aurrera eramandako ekintzak helburu bikoitza du: batetik, landa eremuan bertako basoa eta paisaia berreskuratzea eta, bestetik, jendartea ingurumenaren balioez heztea, bereziki umeen eta gaztetxoen parte hartzea sustatuz. Azaldu dutenez, herriko 0,9 hektarea inguru basoberritu eta ehunka zuhaitz landatu dira ekimenari esker.
Zuhaitzak landatzeaz gain, eta zirkulua nolabait ixteko, Itziar inguruko mendietan haziak jaso, horiek eskolan hazi eta landare txikiak berriro mendira bueltan eramatea da orain egin duten proposamena. “Iturrietamendi inguruko mendietan egoera eskasean dauden zuhaitz espezie batzuk daude, eta biodibertsitatea mantentzearren, espezie haiekin lana egitea oso interesgarria da”.
Ingurura ondo egokitutako espeziak eduki dituzte kontuan. Hala, bi izan dira aukeratutako zuhaitz eta zuhaizka espezieak: ipar ipurua (juniperus communis) eta ametz ilaunduna (quercus pubescens/humilis). “Biek ala biek, Itziarko Iturrietamendi parajean ale gutxi batzuk mantendu dituzte”.
Itziarko Eskolako haurrek burutako ekintza Hazitik hezi egitasmoaren lehen urratsetako bat izan dela jakitera eman dute bultzatzaileek. Egitasmoaren asmoa, hain zuzen, inguruko haziak batu eta eskolako baratzean aurrera ateratzean datza. “Urte batzuk barru, eta landareek 30-40 zentimetro dituztenean, aldundiaren mendi publikoetan landatuko lirateke berriro ere Itziarren bertan hezitako zuhaitz-landareak, espezie hauek duten hedapena zabaltzen lagunduz”.
Lehen Hezkuntzako ikasleek modu horretara landaketaren ziklo osoa beteko luketela urte batzuen buruan gaineratu dute: “mendian haziak bildu, baratzean erein, eta, ohiko zuhaitz landaketa egiten denean, aurreko urteetan hezitako landare-zuhaitzak berriro ere mendian aldatuko lituzkete”.