Aurrera doa Barruan giro goiburupean Itziarren antolatutako neguko kultur programa; hainbat eragileren elkarlanaren fruitu da eta Itziarko Auzo Udalaren babesean prestatu dute. Azaroan abiatu zuten egitaraua eta hainbat ekitaldi egin dituzte orain artean, baina martxora bitartean bestelako eskaintzarik ere izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Bihar gauerako iragarrita dago, hain zuzen, hurrengo hitzordua; Aitor Huergo izango da protagonista eta hauxe izango du bakarlari gisa ofizialki iragarrita jendaurrean ariko den lehenbiziko aldia Itziarren.
Bilbon jaioa da Huergo, Musikaren Historian lizentziatu zen eta irakaskuntzan dihardu azken hemeretzi urteotan. Endoia auzoan bizi da gaur egun, eta irakasle lanetan dabil Debako Mendata ikastetxean. Orain dela bost urtetik, Mendaroko Ameikutz musika eskolan gitarra ikasketak ere eman ditu Keu Agirretxea musikari ondarrutarrarekin.
Bidelagunak. Aurrez musikan aditua eta musikazalea izan arren, duela bost bat urte ekin zion Huergok denbora librean musikan gehiago sakontzeari. Hortik ondu zuen pixkanaka azkenean bilduma gisa argitaratu den Barruko paisaiak lana, lagun artean autoekoiztua eta grabatua. Horretarako beste zenbait musikari izan ditu ondoan, hala nola Mikel Markez kantagintzan, Unai Rodriguez arlo klasikoan eta Keu Agirretxea bera. Horiez gain, Unai Mimenza, Aner Hernandez eta Rober ere izan ditu lankide. Eta, aldi berean, Mainlander rock taldean gitarrista paperean ere aritu izan da Huergo tarteka.
Barruko paisaiak bakarkako proiektuaren aurkezpenaren ildotik dator otsailaren 10eko kontzertua. Aurrez, han-hemenka eman ditu zenbait saio. Bere hitzetan, “abesti bilduma xume eta soila dugu, sinpletasunak dakarren zailtasunez hornituta: ahotsa eta gitarra soilik, elkar nahasirik, fluxuan”.
Emanaldiaren antolatzaileen iritziz, biharkoa “aukera berezia izango da beretzat eta herritar gisa ezagutzen duten askorentzat, gogoz omen dator itziartarren aurrean kantura, aretoan elkarrekin une goxoa sortzeko irrikaz”.