Itziarren ere Lurlab mobile zerbitzuaz gozatzeko aukera egongo da

Berriketan 2023ko mar. 2a, 16:11

Gipuzkoako landa eremuko laborategi digital irekia eta ibiltaria da Lurlab. Bertaratzen diren guztiei askotariko gauzak sortzeko tresnak eta laguntza eskainiko dizkiete doan.

Lurlab mobile izeneko landa eremuko laborategi digital ireki eta ibiltariak geldialdia egingo du datozen hilabeteotan Itziarren. Gaurtik (martxoak 2) larunbatera (martxoak 4) egingo du aurreneko egonaldia, eta auzo udaleko iturriek jakitera eman dutenez, martxoan hasita, lau geldialdi egingo ditu. Zehazki, hilean behin hiru egunez (ostegunetik larunbatera) eskainiko du zerbitzua Itziarren.

Ostegun eta ostiraletan 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara egongo da erabilgarri azpiegitura mugikorra; ordu tarte horietan erabilgarri dauden makinak edozeinek doan erabili ahal izango dituela esan dute. “Herriz herri dabilen gurpil gaineko laborategi ibiltari honek era guztietako tresneria jartzen du herritarren eskura, bereziki fabrikazio digitaleko teknologiak: besteak beste, 3D inprimagailuak, laserrez moztu edo grabatzeko makina eta CNC fresagailua”. Nahi dutenek, gainera, bertan egoten den teknikariaren laguntza jasoko dute nork bere proiektuak gauzatzeko.

Horretaz guztiaz gainera, hainbat jarduera ere antolatu dituzte herritarrek “ikasi eta gozatu” dezaten. Jarduera horiek “tresnen funtzionamendua ikasteko edo elkarriekin proiektuak hasteko” baliagarri izan daitezkeela gaineratu dute. Jarduera guztiak doakoak dira, baina beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea; interesa dutenek info@lurbal.org helbide elektronikora idatzita izena eman beharko dute.

Estreinako jarduera gaur bertan egingo dute; biniloei buruzko tailerra emango dute, 17:00etatik 19:00etara, plaza inguruan. “Biniloak ebakitzeko daukagun makinarekin askotariko letrak eta formak prestatuko ditugu eta ondoren arropan itsatsi”. Iragarri dutenez, helduentzako zein 6 urte edo gehiagoko haurrentzako aproposa da tailerra. “Norberak arropa ekartzea eskatzen da eta bertan hainbat koloretako biniloak edukiko dituzue eskura”.

Hilabete honetako hurrengo jarduera larunbatean egingo dute; egurrezko seinaleei buruzko tailerra emango dute, 10:00etatik 12:00etara, plaza inguruan. Jarduera 16 urte baino gehiagoko jendearentzako dago pentsatua. Esan dutenez, parte hartzaileek egurrezko seinaleak egingo dituzte CNC fresagailu bat erabiliz. “Ikastaroa amaitutakoan bakoitzak egur kontratxapatuan egindako seinale bana eramango du etxera”.

Datozen hiru hilabeteetan ere egongo da Lurlab mobilek eskaintzen dituen zerbitzuez gozatzeko aukera, ondorengo datetan:

  • Bigarren saioa: martxoak 30 eta 31 eta apirilak 1.
  • Hirugarren saioa: apirilak 13, 14 eta 15.
  • Laugarren saioa: maiatzak 25, 26 eta 27.