Antolatzaileek gogorarazi dutenez, Andutz Biltokiko gazteek hamabost urte pasa daramatzate Itziarko mozorro eguna antolatzen. “Garai batean ‘Gazte Eguna’ izenez zen ezaguna, baina azken urteotan izena aldatu diogu, herriko eta inguruko haur, gazte eta helduek ere egunaz goza dezaten”.
Beste urte batzuetan ez bezala, dena den, aurtengo hitzordua Itziarko Gazte Asanbladak antolatu du. “Izan ere, azken urtebetean Itziarren bolo-bolo dabilen kontua baiezta dezakegu: bai, herriko beste proiektu baterako erabiliko denez, ‘zentrua’ goitik behera bota dute eta horrek Andutz Biltokia elkartearen amaiera ekarri du”. Nolanahi ere, argitu dute “ate bat itxi eta beste bat ireki” dela; “gazte talde bat lanean baitabil honi guztiari buelta emateko asmoz. Horiek dira Itziarko Gazte Asanbladako kideak”.
“Kardantxulo Eguna herritarrok herritarrontzat antolatutako eguna” dela nabarmendu dute gazteek eta parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Egun osoko egitaraua prestatu dute martxoaren 18rako; goizean hasi eta gaua iritsi bitartean, musika eta dantza izango dira nagusi, jai giroan, eta betiere mozorroak soinean hartuta. Azken urteotan mozorrotzeko gai ezberdinak proposatu izan dituzte, hala nola musika izarrak, zirkoa, itsasoa, superheroiak, etorkizuna edo telebista. Aurtengo deialdian, aldiz, ‘aberastasuna’ izango da gaia.
Hona hemen aurtengo Kardantxulo Egunerako proposatutako egitaraua:
- 09:30: Mendi buelta.
- 12:30: Karro-poteoa.
- 14:30: Bazkaria.
- 18:30: Distopia elektrotxaranga.
- 23:00: Kontzertuak: Amildegi eta Nikotina.
- Ondoren. Denetariko musika.