Guztia prest dago Itziarren larunbatean ospatuko den festarako. Hamahirugarren Erromeria Eguna izango da aurtengoa eta, aurreko urteetan deialdiak izan duen arrakasta ikusita, oraingoan ere jende ugari bertaratuko dela aurreikusten dute antolatzaileek, “jada erromerien munduan errotzen hasi den festa da eta”.
Aurreko edizioen ildotik jarraituko du egitarauak. Goizean goiz hasita, Itziarko kaleetan barna ibiliko dira, besteak beste, trikitilariak, Hernani eta Debako txistulariak, Hernaniko dultzaineroak, Zubietako joaldunak, soinujoleak, Vianako eta Itziarko dantza taldeak eta Txilibita fanfarrea. Antolatzaileek aurreratu dutenez, trikitilariak ondorengo hauek izango dira: Jone Uria eta Julene Otegi; Naiara, Izarra, Itziar eta Ander; Irma Karrera eta Jokin Tolosa; eta Ostolaza eta Pujana.
Herri bazkaria izango da gero, 14:30ean, frontoian; otordurako txartelak maiatzaren 4ra artean izango dira salgai Itziarko ohiko saltoki eta tabernetan (Gure Dendan, Burugorri Ostatuan, Hostalean eta Bikain jatetxean). 18:00etan erromeria izango da plazan eta, besteak beste, trikitilariekin erromeri-afaria egingo dute gero, 21:30ean, Bikain jatetxean (txartelak bertan izango dira eskuragai, 20 euroan).
Helburuak. Andutz Kultur Taldeko kideek azaldu bezalaxe, “Itziarren eta inguruetan hain ohikoak izan ziren erromeriak gogoratzea eta omentzea” da Erromeria Egunaren helburu nagusia.
“Erromeriak ziren aurreko belaunaldien sozializaziorako bilgunerik garrantzitsuenetakoak. Festa edo bilkura horien funtsa hainbat herri, auzo eta bailaretako herritarrak biltzea izaten zen; izan ere, gerraosteko garaietan biltzeko eta harreman sozialak lantzeko espazioak urriak zirenez, erromeriak aitzakia paregabea ziren horretarako”, gogorarazi dute. Era berean, musika eta dantzaz gozatu ahal izateko aukera ere baziren erromeriak; “eta euskal kultura tradizionalaren sostengu ere izan ziren, hein batean. Garai hartako gizon-emakumeak erromerietara joateko irrikaz egoten ziren”.