Auzo udaleko kideek adierazi bezala, “Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko apirilaren 27ko aginduan hasierako onespena ematen zaio Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari. Bertan, Andutz mendiaren magalean eskala handiko instalazioak eraikitzeko aukera bideratzen da, bost aerosorgailu edo gehiago ezartzeko gune izendatuz Andutz-Txobilar deituriko gunea”.
Itziarko herrigunetik “oso gertu” kokatuko liratekeen azpiegitura horiek hizpide hartuta, eta herritarren artean “ezinegona” hedatu dela ikusita deitu dute, hain justu, batzar informatiboa biharko. Bertan, azalpen teknikoak emango ditu Eolo taldeko kide eta EHUko irakasle Alain Ulaziak.
“Erakunde bezala, bere nekazal inguruarekin eta herritarrekin duen konpromisoak gai hau plazaratzera behartzen du auzo udala; nahiz eta konpetentziarik izan ez kontu hauetan, LPS honek duen eragina ikusirik eta izan ditzakeen ondorioak kontuan izanda, jaso eta bilatu den informazio guztia herritar ororen eskuetan utzi nahi du”, nabarmendu dute.
“Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak daraman joera ikusirik” eta alegazioak aurkezteko epea uztailaren 21ean amaitzen dela kontuan hartuta, herritarrei batzarrera bertaratzeko deia egin diete auzo udaleko kideek.