Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Gipuzkoa Irudikatuz 2030 (Gi2030) egitasmoaren ikerketa ekintza bat da festibala, eta EHUk gidatuko du herritarrekin eta gizarte eragileekin batera, Gipuzkoak 2030 Agendari aurre egiteko dituen erronken eta gaitasunen ikuspegi partekatua izateko. Jaialdiaren helburua da unibertsitate-kulturari eta lankidetza publiko-komunitarioari buruzko hausnarketa esparru akademikotik haratago zabaltzea, eta, aldi berean, ikaskuntza kolektiborako, esperientzietan oinarritutako espazio atsegin bat sustatzea, “Gipuzkoako lurraldearen etorkizuna irudikatzeko”.
Antonio Casado Gi2030eko ikertzaile nagusiaren iritziz, lurraldearen ikuspegi partekatua sortzea “prozesu konplexua” da. “Metodologia desberdinen bidez, lurraldearen erronkei buruz sortzen den ezagutza akademikoa, erakundeekin eta herritarrekin harremanetan jarri nahi dugu. EHUkultura programaren barnean, festibala aukera berri bat da 2030erako irudikatzen ditugun Gipuzkoari buruzko elkarrizketak hasteko”.
17:00etatik 20:00etara, besteak beste, hitzaldiak eta talde dinamikak egingo dira Burugorri ostatuan
Estreinakoz antolatu dute jaialdia, eta uztailaren 1ean lehen geldialdia Zegaman egin ondoren, larunbatean (uztailak 8) Itziarren egingo du bigarren eta azken geldialdia. 17:00etatik 20:00etara, besteak beste, hitzaldiak eta talde dinamikak egingo dira Burugorri ostatuan. “Bigarren saio honetan, herritarren, zientziaren eta tokiko eragileen arteko topaketa horizontala egiten jarraituko dugu”, zehaztu dute antolatzaileek.
Itziarren egingo den saioaren ideia nagusia “etorkizunak irudikatzea” izango dela nabarmendu dute; Verena Hammes iraunkortasunaren eta eraldaketa sozialaren ekintzaileak emandako dinamika baten bidez hori lortzen saiatuko direla aurreratu dute. Ondoren, Mari Luz Esteban EHUko irakasleak hitzaldia eskainiko du; Haragizko erreformak (Pamiela, 2023) poema liburua aurkeztuko du, eta “lurraldearen eta bertako biztanleen iraganari, orainari eta etorkizunari begira” ipiniko ditu larunbatean Itziarko jardunaldira bertaratzen direnak.
Guztia borobiltzeko, Uxue Pascual dantza-terapeuta lasturtarrak eta Maialen Akizu bertsolari urretxuarrak saioaren laburpena egingo dute bertso eta gorputz adierazpenaren konbinazio artistiko batean. Sarrera doakoa da, baina antolatzaileek aurrez izena emateko eskatu dute. Interesatuek jaialdiaren webgunean izena eman dezakete. “Udalerriko eta inguruetako edonori zabaltzen diogu gonbidapena bertaratu dadin”.
EGITARAUA
- 17:00-17:15. Aurkezpena.
- 17:15-18:00. Verena Hammes-en Imaginar Futuros hitzaldia.
- 18:00-18:45. Galderen dinamika.
- 18:45-19:00. Mari Luz Estebanen Haragizko erreformak liburuaren aurkezpena.
- 19:00-20:00. Uxue Pascual Esnaolak eta Maialen Akizuk bertsoa eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute.