Jubilatuen Egunarekin emango diote aurten hasiera Itziarko Kopraixei

Berriketan 2023ko abu. 1a, 13:15

Egunaren bueltan, bost adineko omenduko dituzte. Ohikoa den modura, meza nagusiaren ondoren jasoko dute omenaldia.

Hastear dira Itziarko Kopraixak. Aurten, abuztuaren 4tik 9ra ospatuko dituzte jaiak, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, egitarauak aldaketa bat edo beste izango ditu. Horietako bat Jubilatu Eguneko ospakizunen egun aldaketa izango da; zehazki, abuztuaren 4an ospatuko dute eguna, “jai giro ederrean”.

Egunari berari dagokionez, aldaketa gutxi egongo dela aurreratu dute antolatzaileek. Ohikoa den modura, jubilatuei eskainitako meza nagusiarekin hasiko dute eguna. 12:30ean izango da elizkizuna, Andre Mariaren Santutegian. Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatuko diete aurten omenaldia jasoko dutenei eta bertaratzen diren jubilatu guztiei.

Antolatzaileek iragarri dutenez, aurten bost adineko omenduko dituzte eliz atarian egingo den ekitaldi berezian, honakoak: Matilde Zuloaga Uranga, Garbiñe Beristain Egaña, Maria Jesus Aizpurua Egaña, Luxio Mendizabal Aizpurua eta Agustina Beristain Unanue.

Ondoren, bertsolariek lagunduta, Salegi jatetxean egingo den bazkari herrikoiaren bueltan batuko dira Itziarko jubilatu eta pentsiodunak; zehaztu dutenez, aurrez izena emanda daudenek parte hartu ahal izango dute bertan. Ostolaza eta Larrañaga trikitilariekin egingo duten erromeriarekin agurtuko dute aurtengo Jubilatuen Eguna.

EGITARAUA

  • 12:30. Meza nagusia, Itziarko elizan.
  • Ondoren. Jubilatuei omenaldia.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria, bertsolariek lagunduta, Salegi jatetxean.
  • Ondoren. Ostolaza eta Larrañaga trikitilariekin erromeria.