ELKARRIZKETA

“Itziartarron ekarpenik gabe ezingo litzateke horrelako egitaraurik osatu Kopraixetan”

Berriketan 2023ko abu. 3a, 11:30

Kopraixetan jai giro “alai, koloretsu eta distiratsua” egoten dela dio Irati Irizar musikari eta Jai Batzordeko kideak. Aurten egun bakarraz gozatzeko aukera izango duen arren, beti bezala, danborrada zuzentzera irtengo dela aurreratu du.

Zer berezitasun dute Kopraixek?
Itziartarron artean auzolanean antolatutako festak dira Kopraixak eta, nire ustez, horrek egiten ditu berezi. Lan boluntario handiaren ondorioz, egitarau polit bat prestatu eta hainbat egunez koloreztatu egiten da Itziarko herria; oso jai bereziak dira bertakoontzako. Hori bai, itziartarron ekarpenik gabe ezingo litzateke horrelako egitaraurik osatu. Beraz, azpimarragarria den eta itzalpean egiten den lan bikaina txalotuko nuke.

Jaien antolakuntza lanetan ere parte hartzen duzu.
Parte hartzearekin batera, gauza batzuk antolatzen edo talde batzuk lotzen ere aritu naiz aurten ere. Orain ez naiz Itziarren bizi, baina urrunetik egin daitezkeen kontaktuak lotzeko eta talderen bat ekartzeko aukera izan dut, Joselontxo’s txaranga eta Laiotz taldea, besteak beste.

Zer berritasun ditu aurtengo egitarauak?
Egitaraua ekintza ugariz betea dugu. Oso berezia izango da, adibidez, Liher bezalako talde erreferente bat Itziarko plazan izatea.

Zein da zure egunik gustukoena?
Egun guztiek dute beren xarma, baina bat aukeratzekotan Gazteen Eguna hautatuko nuke, azken urteetan gehienbat egun horretan parte hartu izan baitut. Bizikleta lasterketa, kuadrillen arteko jolasak, paella lehiaketa, Jan da Eran txarangarekin kalejira, aurreskua, kontzertua eta eguzkia berriro ere irten arte giro onean eta lagun artean egoteko eguna izaten da jaietako azken eguna.

Zer eskatzen diezue bertara jaiez gozatzera datozenei?
Plazan izango diren emanaldi eta ekintza ezberdinez gozatzera gonbidatuko nituzke. Jolasak, bazkariak, kontzertuak, emanaldiak… giro ederra izango dugu Kopraixetan!