Kopraixak antolatzen aritzen zen gazte talde batek hasitako bideari jarraiki, Jai Batzordea osatzen duten eragileen taldera batu zen duela bi urte Itziarko Gazte Asanblada (IGA). Bi funtzio nagusi bete ditu ordutik: batzordean gazteen ordezkaritza bermatzea eta gero eta harrera hobea duen Gazte Egunaren antolakuntza dinamizatzea. “Bi funtzio nagusi horien baitan, ekarpen berriak egiten eta ideia berriak planteatzen saiatu gara, betiere gazteon eta herriaren mesederako direlakoan”, azaldu du Elene Arratibel IGAko kideak.
Bere iritziz, aipagarria da jaietarako propio jartzen duten Tranpapeko Txosnaren bueltan sortzen den giroa ere. “Ikaragarria izan da azken bi urteotan zenbat gaztek parte hartu duten ikustea; barra eta gainerako guztiak, hain zuzen, gazteok muntatu ditugu hutsetik hasita”. Eta lanerako txandak betetzeko jende asko behar izan badute ere, gazteen prestutasunari esker guztia lotzea lortu dutela dio. “Hemendik eskerrak eman nahi genizkieke lagundu duten guztiei”.
Itziar zerbaitetan berezia baldin bada, hori “belaunaldi eta adin guztietako jendea elkarrekin harremantzeko dagoen joeragatik” dela ere nabarmendu du Arratibelek. Jaiek, beraz, “saretzeko eta harremanak estutzeko” aukera eskainiko dutelakoan dago. “Horri zukua ateratzen ahaleginduko gara”. Hori esatearekin batera, jendea Kopraixez gozatzera gonbidatu du. “Jai xumeak badira ere, aukera ezin hobea da ondo pasa nahi duenarentzat”.