Irailaren 22tik urriaren 1era bitartean, laugarrenez egingo dute Euskadiko Klima eta Energiaren astea. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako ekimenak “beharrezko trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea” du helburu eta, Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da lelopean, doako 250 jardueratik gora egingo dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat herritan, tartean, Itziarren.
Asteklimarekin bat eginda, zehazki, bina hitzaldi eta tailer egingo dira Itziarren. Lehenengo jarduera astelehenean (irailak 25) izango da; 18:00etan hasita, Precious plastic izeneko tailerra egingo dute Apaiz Etxeko sotoan. Itziarko Auzo Udaleko iturriek azaldu dutenez, parte hartzaileek plastikoa birziklatzeko teknika irekiak ikasiko dituzte, diseinu irekiko makineria berezi bat erabilita.
Asteartean (irailak 26), berriz, Larrialdi klimatikoari aurre egiteko baliabide energetikoak izeneko hitzaldia eskainiko dute Burugorri Gainean. 19:00etan hasiko den hitzaldiaren helburua larrialdi klimatikoari buruzko “kontzientzia garatzea” dela azpimarratu dute antolatzaileek. “Datu objektiboez gain, etorkizunean izan ditzakegun ondorioez jabetu eta gure esku dagoenaz hausnartuko dugu”. Besteak beste, energia berriztagarrien “eragin positiboa” landuko dute.
Ostiralean (irailak 29), bestalde, hartzidurei buruzko Fermentazio, bizioa! izeneko tailerra egiteko aukera egongo da Apaiz Etxeko sotoan. 18:00etan hasita, “elikagaiak xahutzea ekiditeko antzinako” teknikari buruzko hainbat xehetasun emango dituzte. “Jarduerak desagertzeko arriskuan dauden ohitura tradizionalak berreskuratu nahi ditu eta, horrenbestez, elikagai hondakinak murriztea, lehengaien bazterketan zein soberakinak baliatuz, bestela baztertuko liratekeenak”.
Larunbatean (irailak 30), azkenik, Ta argiya iñ zan solasaldia eskainiko dute Burugorri Gainean; 11:30ean hasiko da, ikus-entzunezko instalakuntza proposamenarekin batera, “argiaren, argindarraren eta energia hidraulikoari buruzko gogoeta” sustatzeko egingo den jarduera.