Lau t’erdiko txapelketaren azken aurrekanporaketa hartuko du Itziarrek

Berriketan 2023ko ira. 29a, 09:44

Bi pilota partidak osatutako jaialdia larunbatean (irailak 30) jokatuko da, Zabalsoro frontoian,18:00etan hasita. Zaleek 10 euroan erosi ahalko dute sarrera.

Urriaren 6an hasiko den EPELen 2023ko lau t’erdiko Eusko Label Txapelketan Baiko ordezkatu duten sei pilotarietatik bost aukeratuta ditu jada pilota enpresak, baina zerrenda larunbatean (irailak 30) Itziarren jokatuko den azken aurrekanporaketarekin osatuko dutela jakitera eman dute. Zehaztu dutenez, Asier Agirre aurrelari iruindarrak eta Iraitz Zubizarreta aurrelari ataundarrak jokatuko duten atarikoa irabazten duen pilotariak osatuko du Artolarekin, Jakarekin, Larrazabalekin, Peña II.arekin eta Urrutikoetxearekin batera seiko zerrenda.

Agirre eta Zubizarreta III.a aurrez aurre ipiniko dituen buruz burukoaren aurretik, gainera, binakako beste partida bat ere hartuko du Itziarko Zabalsoro frontoiak. 18:00etan hasiko da pilota jaialdia eta, bertan, Joanes Bakaikoa aurrelari etxarriaranaztarrak eta Iker Elizegi atzelari asteasuarrak osatutako bikoteak Jon Alberdi aurrelari azpeitiarraren eta Gorka Ugartemendia atzelari alkizarraren aurka neurtuko ditu indarrak.

10 euro balio dute larunbatean 18:00etan hasiko den jaialdirako sarrerek; Burugorrin edo www.entradasfronton.com atarian eskuratu daitezke. “Frontoira gurpildun aulkiaz doazen pertsonentzako sarrerak sarrerak@entradasfronton.com helbidean erreserbatuko dira”.