Energiaren gaiaz hausnartzeko plaza izango da igandean (urriak 22) Zizurkil. Gipuzkoako Mendi Aske elkarteak antolatuta, “ospakizuna eta aldarrikapena” bateratuko dituzten bi ekitaldi egingo dituzte Energia(k) ezbaian lelopean. “Orain dela urtebete Elosun elkartu ginen mendiak babestu nahi ditugula eta mendietan zentral eolikorik nahi ez dugula aldarrikatzeko. Urtebete beranduago, Gipuzkoako mendiak babesteko sarea sortu eta sendotu dugula ospatu eta mendiak aske nahi ditugula aldarrikatuko dugu, industrializatu gabe, gure gazteen eta seme-alaben etorkizuna izaten jarraitu dezaten”.
12:00etan izango da lehen hitzordua. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran bertsolariek Energia(k) ezbaian izeneko saioa eskainiko dute San Milan elizan. Antolatzaileek iragarri dutenez, lau bertsolariak ikuspegi anitzetatik energiaren gaiari buruz kantuan ariko dira, Saroi Jauregi gai jartzailearen gidaritzapean. 14:00etan, berriz, herri bazkaria egingo dute kantaldi eta guzti, zimiterioan. Jatorduan eskainiko diren produktu guztiak bertakoak eta ekologikoak izango direla eta amaieran kalejira egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek.
Bertso saiorako eta herri bazkarirako txartelak Gipuzkoako hainbat herritan jarri dituzte salgai. Besteak beste, Itziarko Burugorrin eskuratu daitezke. Bertso saioko sarrerak 10 euroan jarri dituzte salgai eta herri bazkarikoak, 15 euroan. Umeen kasuan, bietan “borondatea” eskatuko dutela esan dute. Nahiago dutenek, posta elektroniko bidez ere eska daitezke sarrerak. Interesa dutenek gma@ni.eus posta elektronikora idatzita egin beharko dute eskaera.