ELKARRIZKETA

Arantza Egaña: “Periak Itziar mapan jartzen laguntzen digu, hemen ere herri bat badela esaten”

Berriketan 2023ko urr. 30a, 10:08

Baserritarrek, abeltzainek, ekoizleek, artisauek… beren eskaintza ezagutarazi eta erosleekin zuzeneko hartu-emana sendotzeko aukera izango dute azaroaren 1ean egingo den Itziarko Perian. Hitzorduaren nondik norakoak ezagutu nahian, Maria Jesus Aranberrirekin eta Arantza Egañarekin elkartu da Berriketan.

Gipuzkoa mailan ez ezik, Euskal Herri mailan ere “estimu handiko” feria bihurtu da Itziarkoa. Ikusi besterik ez dago urtero erakartzen duen jende kopuru handia. Saltzaileak eta erosleak dira hitzorduaren arima, baina horren guztiaren atzean Itziarko Peria Batzordeko eta auzo udaleko kideen eta hainbat boluntarioren lan nekaezina dago. 28. aldiz auzolanean antolatutako ospakizunak industrialdera eta, oro har, herrigunera ere “giro ezin hobea” ekarriko duela diote antolatzaileek.

Zer lan dakar halako hitzordu bat antolatzeak?

Maria Jesus Aranberri (M.J.A.): Lan gehienak nahiko mekanikoak badira ere, azken bi hilabeteotako gure denbora libre gehiena antolakuntzari eskaini behar izaten diogu. Deiak jaso, hainbatekin harremanetan jarri, postuak antolatzen hasi… eta, ahal bada, berrikuntzak edo bestelako postuak bilatzen ere saiatzen gara. Kontuan izan behar da, gainera, feria goizean goiz hasi eta eguerdian bukatzen dela, eta horretarako hainbat talde antolatu behar izaten dira, hala nola trafikoaren zirkulazioaren gorabeherak zuzentzen dituen taldea edo eremua jaso eta guztia txukun uzteaz arduratzen dena.
Arantza Egaña (A.E.): Horri guztiari auzo udalaren lana gaineratu behar zaio. Logistika lana izaten da batez ere: lursailaren baimena lortzea, boluntarioei aseguruak egitea, Debako eta inguruko udaletatik hainbat material (mahaiak, aulkiak, hesiak…) eskuratzea…

Zenbat lagunen artean banatzen dituzue ardurak?
M.J.A.:
Feria antolatzen hasi zen hasierako urteetan, Herria Sortzen plataformako kideek osatzen zuten Itziarko Peria Batzordea. Azken urteotan, berriz, hainbat herritarrok eta auzo udaleko ordezkariok osatzen dugu taldea; momentu honetan, zortzi bat lagun gara. Urtero kopuru berdintsua izaten da, baina herriarekin saretuta, hainbat arduraz aritzeko Whatsapp taldeak ere baditugu martxan.

Azken urteotan auzo udala bidelagun duzue.
M.J.A.:
Herritarren babesaz gain, Itziarko Auzo Udalaren babesa ere badugu, eta horrek asko pozten gaitu. Egia esan, auzo udalaren babesik gabe gaur egun ezingo litzateke Itziarko Peria antolatu; guretzat behar-beharrezkoa da laguntza eta babes hori.

Kontsumo ohiturak zeharo aldatu diren garaiotan, zer nolako harrera du hitzorduak?
A.E.:
Ez dugu inoiz zenbaketa zuzenik egin, baina eremua bete egiten da. Horretan eraginik handiena eguraldiak dauka. Gurea aire zabalean egiten da eta ez dugu aterperik. Normalean, zortea izaten dugu, eguraldi ederra eta hego haizea izaten ditugulako, baina egia da eguraldi txarrak guztia zapuztuko lukeela.

“Auzo udalaren babesik gabe gaur egun ezingo litzateke Itziarko Peria antolatu”

Bertaratzen diren ekoizleentzako saltoki ona al da?
M.J.A.:
Bai, oso ona. Salmenta handiak izaten dira. Itziarko Periaren eredua hobetu nahian, gainera, hausnarketa prozesu bat abiatu dugu eta, ondorioz, bertako ekoizleei eta artisauei lehentasuna ematea erabaki da; ikusgarritasuna eman nahian, lekurik onena eskaintzen zaie. Eremua ere erosoagoa izatea nahiko genuke eta, hori dela eta, postuak murriztu ditugu. Egia esan, postuak jartzeko eskaera handia izaten dugu, eta horrek aukeraketa zorrotz bat egitera behartu gaitu.

Lehen sektorearen gainbeheraren aurrean, halako feriek sektorea indartzen lagundu dezaketela uste al duzue?
M.J.A.: Bai, noski. Ekoizleen erakusleiho bihurtzen dira eta, saltzen dutenaz gain, beren burua ezagutzera emateko leku apartak dira. Azken urteotan, ahalegin berezia egiten ari gara bertako ekoizleak babesten eta horiei lehentasuna ematen.

Azkenaldian zenbait azoka desagertzen hasi dira. Itziarko Periaren etorkizuna ziurtatuta ikusten al duzue?
A.E.:
Ibilbide luzeko hitzordua da gurea. Sektorean oso ezaguna da eta Gipuzkoako handienetarikoa ere bai; bertaratzeko interesa dutenen zerrenda luzea ikusi besterik ez dago. Periak, hain zuzen, Itziar mapan jartzen laguntzen digu, hemen ere herri bat badela esaten, eta ahal den neurrian horri eusten saiatuko gara.

“Ahalegin berezia egiten ari gara bertako ekoizleak babesten eta horiei lehentasuna ematen”

Zer erosi ahal izango da azaroaren 1ean?
M.J.A.: Ekartzen duten guztia saltzeko dago: ganadua, janaria, erremintak, artisautza produktuak, landareak, arropa… Sasi-ardiak, ahuntz azpigorriak, Aiako Indate Berriko ganadu berezien erakusketa, hegazti erakusketa zabala, behiak, behorrak, astoak, poney-ak, tamaina txikiko ahuntzak, txerriak, txakurrak, usoak eta beste hainbat ere egongo dira ikusgai. Horrez gain, nekazal makineriaren erakusketa ere egingo da eta nahi beste produktu fresko eta elaboratu erosteko aukera egongo da.

Bestelako berezitasunik izango al da aurten?
A.E.:
Goiz osoan herriko trikitilari gazteek eta txarangak alaituko dute eremua. Euskal Herriko VI. Sasi-ardi Txapelketa eta Gipuzkoako V. Ahuntz Azpigorri Txapelketa ere izango ditugu. Euskal Abereak elkarteko kideak ere bertaratuko dira eta Euskal Herrian galtzear dauden arraza autoktonoei buruzko informazioa banatzen ariko dira.

Bigarrenez herri bazkaria egitea erabaki duzue, ezta?
M.J.A.:
Lehen, boluntario bezala aritzen zirenekin afari bat egiten genuen ondorengo asteburuan. Guztia jasotzen beranduago bukatzen genuen eta, egia esan, ez zen bazkaltzeko tarterik egoten. Iaz, ordea, lan karga arindu zenez eta 15:00ak alderako guztia jasota egoteko aukera zegoenez, bazkari bat egin genuen frontoian, eta aurten errepikatzea erabaki dugu. Babarrun-jana egingo dugu eta boluntarioek ez ezik, beraien ingurukoek ere lekua izango dute.

“Babarrun-jana egingo dugu eta boluntarioek ez ezik, beraien ingurukoek ere lekua izango dute”

‘Sherpa.ai’ promozio mailako aizkolarien finala eta maila nagusiko aizkolarien erakustaldia ere izango da.
M.J.A.:
Itziarko Peria eguerdirako bukatzen bada ere, geratzen den jendearentzat eta herritarrentzat eguna biribiltzeko zerbait antolatzen saiatzen gara. Aurten, Sherpa.ai promozio mailako aizkolarien finala bertan egitea eskaini digute, erakusleiho ona iruditu zaielako. Proba frontoian izango da, 18:00etan hasita, eta doakoa da. Nahi duen guztiari etortzeko gonbitea egin nahi diogu, eguna ondo bukatzeko era dotorea iruditzen zaigu.

Azkenik, Itziarko Periara sekula joan ez denari, zer mezu helaraziko zeniokete bertara hurbiltzeko?
A.E.:
Goiz edo egun pasa ederra egiteko aukera paregabea izaten da. Autoz datozenek aparkaleku dezente izango dituzte industrialdean. Txitxarroko aparkalekua ere erabilgarri egongo da eta bertatik doako autobus zerbitzu etengabea eskainiko da. Nahiago dutenek, Zumaia eta Mutriku batzen dituen lineako autobusa ere hartu dezakete. Urtez urte datozenei, ordea, aurten ere lasai etortzeko esango genieke, beso zabalik hartuko ditugu eta.

Itziarko Periaren egitarau osoa HEMEN duzue ikusgai.