Euskal Kostaldeko Geoparkeak mikologiaren munduan “lehen urratsak” emateko irteera antolatu du iganderako (azaroak 19), biodibertsitatea sustatzeko Biotop ekimenaren baitan. Geoparkeko iturriek azaldu dutenez, Geoparkea osatzen duten herrien biodibertsitatea ezagutaraztea du xede Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin abian jarritako proposamenak. Zehazki, “inguruko onddoak bertatik bertara ezagutzera ematea” du helburu igandean Itziarko Lizarreta mendiaren bueltan egingo duten irteera mikologikoak.
Antolatzaileek iragarri dutenez, gaian interesa dutenei zuzendutako ekimena gaztelaniaz izango da eta hiru orduko iraupena dauka. 10:00etan plazatik abiatuta, besteak beste, onddoak zer diren eta zer garrantzia duten ekosistemetan, zer perretxiko mota dauden, zer ezaugarri dituzten, nola biltzen diren eta nola sailkatzen diren jakiteko argibideen berri jasotzeko aukera izango dute bertan parte hartuko dutenek. Hori bai, parte hartzeko tokia mugatua izango denez, aurrez izena emateko eskatu dute antolatzaileek; honako formularioan sartuta izena eman behar da.