Berritasun azpimarragarri batekin egingo dute aurtengo azoka. 15:00etan hasita, herri bazkari irekia egingo dute Zabalsoro frontoian, eta ondoren, erromeriaz gozatzeko aukera ere egongo da. Burugorri Ostatuan eta Itziarko Hostala jatetxean eskuratu daitezke estreinako egingo duten bazkarirako txartelak (salneurria: 20 euro helduak eta 10 euro, 12 urtetik beherakoak). Txartelak erostera bertaratu ezin dutenek horiek erreserbatzeko aukera ere edukiko dute; soilik 665 924 410 telefono zenbakira Whatsapp bidez egindako erreserbak jasoko dituztela ohartarazi dute.
09:00etatik 14:00etara egongo da zabalik azoka, eta antolatzaileek gerturatzeko gonbidapen zabala egin dute. “Auzolanean herri osoak parte hartzen duen egun zoragarri honetara etortzeko gonbita egin nahi diogu Euskal Herri osoari”. Itziarko dultzainero, trikitilari eta pandero joleek alaituko dute goiza, eta tarte horretan mokadu bat jan nahi dutenek Loiutik, Seguratik eta Ataundik etorriko diren talogileen taloak izango dituzte aukeran. Basatxerri eta Lugamorriko bertako produktuen “pintxo aukera zabalarekin” taberna zerbitzua ere egongo dela iragarri dute.
Azaroaren 1ean Itziarrera gerturatzen direnek, gainera, hainbat animalia mota ikusteko aukera izango dute. Besteak beste, hegaztiak, ardiak, ahuntzak eta pottokak egongo dira ikusgai. Horiez gain, Aiako Indate Berri baserriko abere bitxien erakusketa ere egongo da ikusgai. “Lasturko Gailur zalditegiko zaldien erakusketa ere egingo da, eta umeek paseo bat emateko aukera edukiko dute”. Azoka, bestalde, Euskal Herriko sasi ardi txapelketa eta sari banaketa egiteko baliatuko dute, baita Gipuzkoako ahuntz azpi-gorrien txapelketa eta sari ematea egiteko ere.
Azokara gerturatzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek
Animaliez gain, artisau, arropa edota bertoko produktuen 200 postu inguru ipiniko dituzte. “Bertako produktuen aldeko apustua indartu egin dugunez, artisau postu gehiago izango dira aurten. Bertako baserrietako produktuen gunean, esaterako, Zortziko (eztia), Txindurriturri (sagardoa), Lizagazar (sagardoa), Errezilgo sagarrak, Xarrondo baserria (esnekiak), Doniene berri (barazkiak) edo Irure Txiki (ogia) izango dira”.
Makineria munduak ere presentzia berezia izango du aurtengo azokan. Gipuzkoako bost etxeren (Tolosako Hernialde lantegia, Alegiako Berri lantegia, Zarauzko Makineria etxea, Zumaiako Redymar etxea eta Errezilgo Basabe) “eskaintza zabala” ikusteko aukera egongo da; bost etxe horiek traktoreak, quad-ak, motozerrak, sasi-garbitzeko makinak eta baserrirako era guztietako lanabes edota tresneriak ipiniko dituzte ikusgai.
Azokara gerturatzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek; Debatik eta Zumaiatik autobusak egongo dira. Herriko boluntarioek bideratuko dute inguruko zirkulazioa eta industrialdean eta Txitxarro dantzalekuko aparkalekuan ibilgailuak uzteko lekua egongo da. Txitxarrotik, gainera, azoka gunera bertaratzeko doako autobus zerbitzua egongo da.