Iñaki Tolaretxipi musikariak zuzenduko duen emanaldia doakoa da, eta musika zale guztiak bertara gonbidatu dituzte. Abesbatzak oso programa zabala lantzen du, eta antolatzaileek adierazi dutenez, garai eta estilo desberdinetako obra profano zein elizako obrak ere abestuko dituzte.
Landarbaso Abesbatza 1991 urtean sortu zen Errenterian eta Oiartzualdeko kontserbatorioetatik datozen eta prestakuntza handia duten musikari gaztez osatuta dago; batez beste 31 urteko adina duten 43 abeslarik osatzen dute taldea gaur egun. Iñaki Tolaretxipi da taldearen sorreratik zuzendaria, egungo gipuzkoar zuzendari onenetarikoa.
Ibilbide oparoa. Landarbasok azken urte hauetan mundu osoko ziklo, lehiaketa eta kontzertu askotan parte hartu du, sari ugari lortuz. Horien artean nabarmentzekoak dira 8. Bali International Choir Festivalen lortutako Grandi Prix saria eta 2022ko Proventzako Nazioarteko Lehiaketan lortutako lehen saria, esate baterako.