Zaborra garbitzeko auzolana antolatu dute Itziarren

Berriketan 2023ko eka. 2a, 08:30

Bultzatzaileek zehaztu dute Itziarko industrialdean sortu eta haizearen ondorioz herriguneko ertzetan sakabanatutako zaborra eta zikinkeria garbitzea dela ekintzaren asmoa.

Hainbat itziartarren eta eragileren ekimenez, Itziarko herrigune inguruko bazterrak garbitzeko auzolana egingo dute larunbatean (ekainak 3). Deialdia bere gain hartu dutenen artean dira, besteak beste, Lizarbe Guraso Elkartea eta Itziarko Gazte Asanblada, eta bultzatzaileek gaineratu dute Itziarko Auzo Udalaren laguntza ere izango duela ekintzak. “Ekimena babestu eta bitartekoak jarriko ditu; besteak beste, beharrezko baliabide materialak jarri eta auzolanerako asegurua bideratuko ditu”.

Lanerako gogoa duen edonori zuzenduta dago ekintza, eta bertan parte hartu nahi dutenek hitzordua ere jarrita daukate: 09:00etan batuko dira herriko plazan. Hori bai, boluntario bezala joatea pentsatuta daukatenei lanerako arropa eta oinetako erosoak eta eskularruak eramateko gomendatu diete antolatzaileek.

Nabarmendu dute hainbat aurrerapauso eman direla industrialdeko hondakinak “kontrolpean” izateko, baina ahaleginak ahalegin inguruak zaborrez josita daudela ohartarazi dute

Behin boluntario guztiak plazan batu ostean, lan taldetan banatu eta horiek industrialdearen eta herrigunearen arteko eremuan guneka sakabanatuta ariko dira lanean. Ondoren, bildutako hondakinak leku berean pilatu eta gaika sailkatuko dituzte, udal brigadako kideek Garbigunera eraman ditzaten. Auzolana amaitzean, gainera, parte hartzaile guztientzako hamaiketakoa egongo dela iragarri dute.

Itziarko industrialdearen inguruetan agertutako zaborra. Argazkia: Itziarko Auzo Udala

Kezka nagusi. Ekintzaren bultzatzaileek zehaztu dutenez, industrialdean sortu eta haizearen ondorioz herriguneko ertzetan sakabanatutako “plastiko, paper eta bestelakoak” jasoko dituzte larunbatean. Nabarmendu dute hainbat aurrerapauso eman direla industrialdeko hondakinak “kontrolpean” izateko, baina ahaleginak ahalegin inguruak zaborrez josita daudela ohartarazi dute. “Zikinkeria ugari ageri da oraindik bazterretan, lurra kutsatuz eta paisaia desitxuratuz”.

Gaineratu dute egoerak kezka sortu duela hainbat herritar eta eragileren artean. Diotenez, “aspalditik ugariak dira herritarrengandik datozen kexak”, eta, hain zuzen ere, nabarmendu dute kezka horretatik sortu dela bazterrak garbitzeko auzolana ere; arrazoi horregatik ekintzaren garrantzia azpimarratu dute.