Ohiko osagaiekin ondutako San Nikolas jaiak hastear dira Lasturren

Berriketan 2023ko ira. 7a, 13:13

Larunbatean (irailak 9) hasita, iazkoa baino ospakizun egun bat gehiago izango dute sanikolasek: bi asteburutan banatuta, sei jai egunez gozatzeko aukera izango dute lasturtarrek.

Askotariko eskaintzarekin eta betiko usadioei eutsita datoz berriro ere lasturtarrek egutegian azpimarratuta dituzten San Nikolas jaiak. Nikolas Txikiren jaitsierarekin egingo du eztanda jaiak larunbatean (irailak 9), eta bi asteburutan banatuta, bertso afariaz, baserrien arteko patata tortilla lehiaketaz, bolo txapelketaz, herri kirolez, dantzez, musikaz, umeentzako ikuskizunez… eta beste hainbat ekintzez gozatzeko aukera izango dute auzora gerturatzen direnek.

Egitaraua “aldaketa handirik” egin gabe antolatu badute ere, pandemia aurreko ekintzak berreskuratzeko ahalegin berezia egin dutela azpimarratu dute jai batzordeko kideek. Besteak beste, auzotarren artean hain estimatua den baserrien arteko patata tortilla lehiaketa bueltan dela jakitera eman dute. Larunbatean (irailak 9) izango da lehiaketa, 19:30ean hasita, eta esan dutenez, soilik ohiko osagaiekin prestatu beharko dira tortillak. “Honako osagaiak soilik onartuko dira: arrautza, patata, gatza, olioa eta tipula”.

Bertso afarira joateko txartelak Lasturko tabernan, Gure Dendan eta Itziarko Burugorri ostatuan daude salgai, 25 euroren truke

Bestelako berritasunik ere izango du aurtengo egitarauak. Bikoteen Egunean (irailak 16), esaterako, Andutz dantza taldeak emanaldia eskainiko duela aurreratu dute. Itziarko auzo ezberdinetako dantzariek osatzen dute taldea, tartean, lasturkoek, eta emanaldia auzotarrentzat berezia izango dela uste dute antolatzaileek.

Egitarauan falta ezin den beste ekintzetako bat hainbat egunez egingo dituzten jolas “herrikoi eta parte hartzaileak” direla esan dute. “Gazteek, bikoteek eta umeek bakoitzak bere egunean egiten dituzten jolasak beti izaten dira programan, arratsaldeetako plazako ikuskizuna osatuz. Auzo guztiko ume, gazte eta bikoteek parte hartzen dute jolasetan, eta umorerik ez da falta izaten”.

Auzotarren artean azken urteetan gero eta indar gehiago izaten ari den ekintza, aldiz, bertso afaria dela esan dute. Aurten hilaren 15ean egingo den ekintzak urtero “jende dezente” batzen duela nabarmendu dute antolatzaileek. Hilaren 14ra arte, Lasturko tabernan eta baita Itziarko Burugorri ostatuan eta Gure Dendan ere egongo dira salgai afarira joateko txartelak, 25 euroren truke.

Irudian, mozorrotutako pailazoen ikuskizuna. Argazkia: Lasturko jai batzordea.

Jaiak agurtzeko antolatzen dituzten azken ekintzen ere jende asko batzen dela azaldu dute. Zehaztu dutenez, herri kirolen erakustaldiaren ondoren egiten duten aurresku parekideak eta mozorrotutako pailazoen ikuskizunak “berebiziko arrakasta” daukate. “Festetako berezitasunetako bat bihurtu dira”.

Diotenez, pailazoen mozorroen gaia urtero ezberdina izaten da. “Inork ez du ezer jakiten, eta sorpresa izaten da plazan batzen garen guztiontzat. Herriko laupabost gazte zezenen aurrera ateratzen dira mozorrotuta, eta zezenekin jolasten ari diren bitartean, antzerki pixka bat ere egiten dute. Mozorroak oso landuak izaten dira, eta urtero jendea zain egoten da, ea zer mozorro kaleratuko duten ikusteko. Egia esan, nahiko ikuskizun polita izaten da auzotarrontzako”.

EGITARAUA

  • Irailak 9, larunbata
    • 16:30. Alaia Galtzagorria Mitoen bidaia ikuskizuna, Ostomila Txontxongilo Taldearen eskutik.
    • 17:30. Partida frontoian.
    • Ondoren. Nikolas Txikiren jaitsiera.
    • 19:30. Baserrien arteko patata tortilla lehiaketa.
  • Irailak 10, igandea. San Nikolas Eguna.
    • 11:00. Meza nagusia.
    • Ondoren. Hamaiketakoa tabernan, Unai Izagirre eta Eneko Araiztegi Korta bertsolariek eta Manex Unanue eta Julen Rueda Erkizi trikitilariek alaiturik.
    • Jarraian. Bolo txapelketa, bertsolariek eta trikitilariek alaiturik.
    • 14:00. Bazkaria tabernan.
    • 17:00. Bertako gazteen jolasak.
    • Eguna amaitzeko. Zezenak eta izkingileak.
  • Irailak 11, astelehena. Helduen eta Umeen Eguna.
    • 11:00. Meza.
    • Ondoren. Hamaiketakoa tabernan.
    • 12:00. Umeen arteko pilota partidak.
    • 12:30. Umeentzako buruhandiak.
    • 14:00. Umeen bazkaria tabernan.
    • Arratsalde osoan. Nagore Zulaika eta Uxue Aranguren trikitilariak.
    • 17:30. Umeen ezustekoa eta umeen arteko jolasak.
    • Jarraian. Gailur Zaldiketa Eskolaren erakustaldia.
    • Eguna amaitzeko. Zezenak eta pottokak.
  • Irailak 15, ostirala
    • 21:00. Bertso afaria tabernan. Bertsolariak: Iker Zubeldia eta Nerea Elustondo. Gai jartzailea: Ander Zulaika. Oharra: sarrerak aurrez erosi behar dira.
    • Ondoren. Bide batez taldearekin erromeria goizaldera arte.
  • Irailak 16, larunbata. Bikoteen Eguna.
    • Egun osoan. Eneko Arbeo eta Jon Izagirre trikitilariak.
    • 11:00. Bikoteen arteko pilota partidak eta bolo txapelketa.
    • 14:00. Bazkaria tabernan.
    • 17:30. Bikoteen arteko jolasak.
    • Ondoren. Zezenak.
    • Jarraian. Andutz dantza taldearen emanaldia.
    • Afalostean. Jon Ansorregi eta Andoni Larrañaga trikitilariekin erromeria.
  • Irailak 17, igandea. Intxorpe Eguna
    • 09:30. Meza nagusia.
    • Ondoren. Hamaiketakoa tabernan.
    • Egun osoan. Jon Ostolaza eta Rakel Pujana trikitilariak.
    • 11:30. Partida eta Menu Bendala eta Maialen Akizu bertsolarien saioa, frontoian.
    • 14:00. Bazkaria tabernan.
    • 17:00. Herri kirolak plazan. Aizkoran, Xabier eta Jon Zaldua zumarragarrak, Mikel Agirre ondarrutarra eta Kimetz Oñederra Aittola debarrak ariko dira eta harri jasotzen, berriz, Lucia Orbe bilbotarra eta Aritz Aranguren Norde azkoitiarra.
    • Jarraian. Bertsolarien bigarren saioa eta bertako gazteen aurreskua.
    • Amaitzeko. Pailazoak, zezenak eta Nikolas Txikiren igoera.