Itziarko Jubilatu Elkarteak irteera antolatu du urriaren 5erako, eta Errioxara joango dira egun horretan. 09:00etan abiatuko dira Kanala hotelaren pareko autobus geltokitik eta 11:00etan, Briones herriko Vivanco upategiaren museora bisita egitea aurreikusten da. Ondoren, Laguardiara joango dira eta han Villa Lucia jatetxean bazkalduko dute. Arratsaldean, 19:00etan Itziarrera bueltatzeko autobusa hartzeko unea iritsi arte, herriak eskaintzen duena ezagutzeko aukera izango da.
Irteeraren prezioa 45 eurokoa da, eta prezio horren barruan garraioa, bisita gidatua eta bazkaria sartzen direla esan dute. Irteera parte hartzeko interesa dutenek Itziarko Auzo Udalaren harrera bulegora deituta (943 19 92 55) izena eman dezakete; irailaren 27a da horretarako azken eguna.