Itziarko Auzo Udalak antolatuta, Krisi ekosoziala eta energia trantsizioa: eztabaidarako gakoak goiburua duen hitzaldia emango du Alvaro Campos Celador EHUko irakasleak Burugorri gainean. Gaur (urriak 26) izango da solasaldia, 19:00etan hasita, eta antolatzaileek iragarri dutenez, gazteleraz izango da. Zehaztu dutenez, “askotan eztabaida publikotik at” geratzen diren elementuak txertatzea da berbaldiaren helburu nagusia. “Elementu horiek txertatzea funtsezkoa da krisi ekosozialaren erronkei aurre egiteko”.
Gaineratu dutenez, azkenaldian “ohikoak” bihurtu diren trantsizio energetikoari eta energia berriztagarriei buruzko eztabaida sortzea izango da hitzorduaren beste gakoetako bat. “Gaiak era zuzenean eragiten dio gure bizimoduari, eta nabarmendu egiten da ez daukagulako horretarako baliabide eta erreferentzia nahikorik; hau da, korapilatu egiten da energia ulertzeko era eraldatzeko beharrezkoa dugun proiektu politiko bat martxan jartzea”.