Gipuzkoako Foru Aldundiak, Debako Udalarekin eta Gaztematikarekin elkarlanean, gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzea helburu duen Treba Gurasoak izeneko saioa antolatu du Itziarren. Saio horren barruan, gurasoei zuzendutako Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak izenburua duen hitzaldia emango du Donna Apellaniz Nieto trebatzaileak.
Asteazkenean (azaroak 15), 18:00etan hasita, Burugorri gainean eskainiko den doako hitzaldiak ordu eta erdiko iraupena dauka, eta Debako udal iturriek zehaztu dutenez, familia harremanak sendotzea eta Debako etxeetan “giro emozionalki osasungarria” sustatzea da helburua. “Hori dela eta, Debako Udalak dei egiten die interesa duten pertsona guztiei hitzordu honetara batzera eta beren seme-alaben hazkuntzaren alderdi hori lantzera”.
Adimen eta hezkuntza emozionalean trebatzailea eta terapeuta da Apellaniz, eta aurreratu dutenez, seme-alaben emozioek eguneroko bizitzan duten garrantzia azpimarratzen eta gurasoei familia ingurunean sor daitezkeen arazoei eta gatazkei aurre egiteko tresna emozionalak ematen saiatuko da Burugorri gainean.
Helburu hori lortzeko bidean, honako edukiak landuko ditu Apellanizek, hamar guztira: adimen emozionalari buruzko ezagutzak eskuratzea, emozioak zer diren jakitea, emozioen funtzioak ezagutzea, emozioak kudeatzen ikastea, emozioen atzean dauden beharrak ezagutzea, bidelagun emozionalak izateko beharrezkoak diren tresnak ezagutzea, familian adimen emozionala garatzeko baliabideen berri izatea, egoera emozional ezberdinetan moldatzen jakitea, gatazka emozionalak era onuragarri batean konpontzen ikastea eta haurrei beren emozioetan laguntzeko tresnak eskuratzea.
Metodologiari dagokionez, hitzaldi teoriko-praktikoa izango dela ere jakitera eman dute. “Hitzaldiaren metodologia dinamikoa izango da, alderdi teorikoak eta egunerokoan bizi diren egoera praktikoak uztartuz. Horrela, esperientzia pertsonalarekiko lotura eta esparru emozionaleko lan sakonagoa ahalbidetuko dira”.