Euskal Herriko 33. Hiru-Txirlo Bolo Joko Txapelketaren azken jaurtialdiarekin bukatutzat eman dute denboraldia. Sailkapen orokorrari dagokionez, gizonezkoetan, 26 txirlo botata, eta sailkapen nagusia azken saioan iraulita, Eibarko Asola Berri elkarteko Sergio Rodriguezek jantzi du aurtengo txapela. Bolari eibartarrak plenoa egin zuen Lasturren, hiru tiraldietan bederatzi txirlo botata.
Rodriguezek lehia estua izan zuen txapelketa behin baino gehiagotan irabazi duen Elgoibarko San Migel taldeko Angel Ibarluzearekin. Bolari elgoibartarra ordura arte sailkapen nagusiko lehen postuan zihoan, eta Lasturren gogor saiatu bazen ere, hiru txirlo botata, txapela irabazteko txirlo bakarrera (25 txilo, denetara) geratu zen. Hirugarren postua, berriz, Markina-Xemeingo MX3T taldeko Lander Odiagarentzat (22 txirlo) izan zen.
Emakumezkoetan, berriz, ez zen azken orduko ezustekorik izan. Sailkapen nagusiko lehen postuari eutsita, 2021ean txapelketa estreinakoz irabazi zuen San Migel taldeko Aitziber Olaizola elgoibartarrak jantzi du aurtengo txapela. Txapelketan, guztira, 15 txirlo bota ditu, UDA elkarteko Isana Gorosabelen eta Asola Berri taldeko Olaitz Rodriguezen aurretik.
Gazteetan Julen Uranga (3 txirlo) izan da onena, txikien mailan Manex Astola (txirlo 1), alebinetan Izadi Elorza (3 txilo) eta benjaminetan Luken Martino (txirlo 1). Nagusietan, berriz, Bittor Astigarraga (21 txirlo) nagusitu da. Bikoteka dagokionez, Angel Ibarluzeak eta Xabier Loiolak (46 txirlo) osatutakoak irabazi du eta taldeka Asola Berri A taldeak (105 txirlo).