Zaldien eta zaldizkoen erresistentzia, abilezia eta abiadura neurtzen dituen enduro diziplinan murgilduta dabil azken 22 urteotan Arrizabalaga. Parte hartzen duen lasterketa bakoitzean, kilometro asko egin behar izaten ditu mendian barrena eta, urteetako eskarmentuari esker, hainbat proba irabazteko aukera izan du. Arabiar Emirerri Batuetako zenbait herrialdetan sekulako ospea du enduroak, eta hango taldeen arreta bereganatzea ere lortu du itziartarrak. Bere ibilbideaz eta beste hainbat kontuz galdezka joan zaio Berriketan.
Hipika ez da oso ezaguna gutako askorentzat. Zerk eraman zintuen mundu honetan murgiltzera? Noiztik zabiltza zaldi artean?
Betidanik izan dut zaldienganako zaletasuna. Hain zen handia nire afizioa, ezen 17 urterekin ekarri bainuen lehenengo zaldia. Garai hartan, Saka ganadutegian egiten nuen lan eta, hain zuzen, zezenketetan hasi nuen ibilbidea. 18 urte nituela, Debako zezenketetan debutatu nuen aguaziltxo gisa eta, gerora, inguruko beste herri batzuetan ere aritu nintzen. Tartean, soldaduskara joatea ere egokitu zitzaidan eta, bueltan, zaldi-jardueretako titulazioa lortzeko bideari ekin nion.
Zein ikasketa egin zenituen zehazki?
Ekitazioko monitore ikastaroa egin nuen lehenengo eta, gero, zaldi-gida izateko ikastaroa. Inguruotan zaldi lasterketak egiten ere hasi ziren, eta haietan parte hartzen hasi nintzen; duela 26 bat urte izango zen hori. Handik lau bat urtera, gizon bat etorri zitzaidan mendiko lasterketetan zergatik ez nuen parte hartzen galdezka. Ez nuen modalitate hori ezagutzen, baina mendia eta lehia oso gustuko ditudanez, probatzea erabaki nuen. Zornotzan korritu nuen modalitate horretako nire lehenengo lasterketa.
“Aspaldian ez naiz proba askotan lehiatu, baina parte hartu dudan lasterketetan emaitza onak lortu ditut”
Gaur egun enduro diziplinan aritzen zara. Distantzia luzeko erresistentzia probetarako zer ezaugarri fisiko eta psikologiko behar izaten dira?
Azkenean, ia egunero egiten ditudan hiruzpalau orduko entrenamendu saio luzeei eta zortzi-hamar ordu inguruko norgehiagoka gogorrei aurre egiteko, sasoiko egotea eta psikologikoki indartsu egotea komeni da. Animalia ondo ezagutzea ere oso garrantzitsua da; azken finean, harekin zenbat eta ordu gehiago igaro, orduan eta hobeto ulertuko nau, eta alderantziz.
Aukeratzekotan, zaldia edo behorra, zuk zeuk zer nahiago duzu?
Behorra edo zaldia izan, niri berdin zait. Hori bai, iraupen luzeko probetan hobekien moldatzen direnak arabiar arrazakoak dira. Abiadura probetan, aldiz, ingelesak dira azkarrenak. Baina gero eta azkarrago egiten denez korrika, zaldi arabiarrak ingelesekin nahasten hasi gara, angloarabiar arraza sortuz.
Lehiatzeko erabiltzen dituzun guztiak zureak al dira?
Momentu honetan etxean ditudan zaldi eta behor guztiak nireak dira, baina, sasoi batean, beste jabe batzuen zaldi gehiago hezten eta prestatzen nituen. Lasterketa garrantzitsuetan parte hartzen hasi nintzenean, Qatargo Al Shahania Stud talde ezagunarentzako lan egiten zuen entrenatzaile batek begiz jo ninduen eta berarentzat korri egiteko eskatu zidan. Ikuilua Madrilen zuenez, hara joateko eskatu zidan, baina ezin nintzen hara joan hemengo guztia atzean utzita. Hala ere, elkarlanean jarraitu genuen. Taldeko arduradunak zaldiak gure etxera bidaltzen hasi ziren, hemen hezteko eta prestatzeko. Animalia horiek hainbat lasterketa garrantzitsutan parte hartu izan dute gero. 2008an Compiegne-n (Frantzia) jokatu zen Munduko Txapelketa irabazi zuen Mediatik Larzak zaldia, esaterako, Al Shahania Studek erosi zuen eta, ondoren, gurera ekarri zuten. Batzuetan, gainera, zaldiak hezteaz eta prestatzeaz gain, euren taldean lehiatzeko aukera ere izan dut eta, horri esker, Qatarrera joateko eskaintza ere egin zidaten.
Eta eskaintza hori onartu al zenuen?
Eskaintza horri ere uko egin nion, lehen aipatutako arrazoi berberengatik. Gaur-gaurkoz, harremana daukat Arabiar Emirerri Batuetako hainbat entre-natzailerekin eta, horri esker, hango behorrak gure etxera ekartzen dituzte kumaldia izateko. Behorrak estaltzeko bi zaldi ditut. Speed izeneko hazitarako zaldiaren oinordekoak, adibidez, korrika ari dira Dubain eta Abu Dhabin.
Urteak daramatzazu lasterketen munduan. Zein izan da orain arte lortu duzun markarik onena?
40 eta 60 kilometroko lasterketa asko irabazi ditut zaldi ezberdinekin, baita 80 kilometroko beste hainbat ere. Aspaldian ez naiz proba askotan lehiatu, baina parte hartu dudan lasterketetan emaitza onak lortu ditut. Iaz, esaterako, 40 urtetik gorako kategorian, Espainiako 80 kilometroko txapelketa irabazi nuen Sas Ali zaldiarekin. Zaldi berarekin, 60 kilometroko distantzian, Euskadiko Txapelketa ere irabazi nuen. Aurten, besteak beste, Argantzungo eta Karrantzako 60 kilometroko lasterketak ere irabazi ditut eta Alacanten urrian egin zen nazioarte mailako 100 kilometroko lasterketan bigarren geratu nintzen.
“Ditudan zaldi eta behor guztiak nireak dira, baina, sasoi batean, beste jabe batzuen zaldi gehiago hezten eta prestatzen nituen”
Beste proba garrantzitsu batzuetan parte hartzeko aukera ere izan duzu, ezta?
Bai. Nazioarte mailan, 120 kilometroko lasterketa askotan ere postu onak lortu izan ditut eta Munduko Txapelketan bi aldiz lehiatzeko aukera ere izan dut. 2008an Compiegne-n jokatu zen txapelketan 120 kilometroko proban parte hartu nuen, baina, 80. kilometro inguruan behorra ez zegoenez ondo, kaleratu egin gintuzten. Gogoarekin geratu nintzen, eta 2009an beste zaldi batekin eta beste distantzia batean lehiatu nintzen. Ordurako banekien zer zen maila horretako proba batean parte hartzea, eta 160 kilometroko lasterketa egiteko hobeto prestatu nintzen. 13. postuan amaitu nuen eta, munduko onenen artean egonda, gustura geratu nintzen. Urte berean, gainera, Bartzelonan jokatzen den 200 kilometroko lasterketa garrantzitsuan ere parte hartu nuen. Proba hori bi egunetan egiten da, eta halako proba luze bat egiten nuen lehen aldia izanik, pozik geratu nintzen 14. postuan amaituta.
Pozik al zaude orain arte lortutako emaitzekin? Arantzaren bat geratu al zaizu?
2010. urteko Espainiako 160 kilometroko txapelketan bigarren amaitu nuen, baina zaldia ez zebilen ondo tros-tan eta, hortaz, kaleratu egin ninduten. Egun osoa zaldi gainean ibili ondoren, eta ahalegin hori guztia aitortu gabe geratu ostean, arantza hori sartuta geratzen zaizu. Hurrengo urtean ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan; hirugarren egin nuen, baina azken azterketan zaldiak herren egiten zuen, eta kanporatu egin ninduten. Kirol hau horrelakoa da, lasterketetako atsedenaldietan egiten diren azterketetako batean albaitariak esaten badu animalia ez dagoela ondo, kalera zoaz.