Itziarko Auzo Udalak gogorarazi bezala, badira bederatzi urte Burugorri Ostatua martxan jarri zela Itziarren, Burugorri eraikinaren azpian. Ibilbide honetan bi kudeatzaile izan ditu ostatuak, eta hainbat berrikuntza egin dituzte gunean. Azken kudeatzaileek kontratua berritu aurretik utzi zuten ostatua eta berriro lizitaziora atera aurretiko tartean behin-behineko kudeaketa izan du.
Urtarrilaren 7an, dena den, ateak itxiko ditu ostatuak. Bertan, irisgarritasuna bermatu nahian, berrikuntza lanak egingo dituztela iragarri du auzo udalak eta, lan horiek iraun bitartean, pleguak argitaratu eta ostatuko kudeatzaile berria bilatzeko lehiaketa jarriko dute martxan. “Herriko ostatua izanik, proiektuan eskaintza gastronomikoaz gain gainontzeko eskaintza kulturala eta herriari egin diezazkiokeen ekarpenak ere baloratuko dira”, ohartarazi du auzo udalak. Informazio gehiagorako, interesa duten herritarrek 688 69 40 48 telefono zenbakira dei dezakete.
Orain artean ostatua kudeatu duten herritarrek egindako lana eskertu du Itziarko Auzo Udalak. Bide batez, esker oneko hitzak izan ditu urteotan ostatuaren bueltan ibili diren herritarrentzako eta bezeroentzako ere.