Oraindik ere zabalik dago Itzal Antzerki Laborategian izena emateko epea

Izaro Aulestiarte Lete 2025eko abenduaren 17a

Itzal laborategian sortutako pertsonaiekin jolasean. Arg.: Zurrunka Teatro

Abenduaren 22an, 23an eta 30ean egingo dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleei eta haien familiei zuzendutako tailerrak (doan). Bihar amaituko da izena emateko epea.

Lehen Hezkuntzako ikasleei eta haien familiei zuzendutako Itzal Antzerkiaren Laborategiak egingo dituzte Gabonetan Deban. Udalak eta Zurrunka Teatrok elkarlanean aurkeztutako antzerki-proposamen berezia da; nabarmendu dutenez, "tailerretan parte hartzen dutenek irudimena landu, jolasa sustatu eta sormen adierazpena garatzeko aukera izango dute, argia, objektuak, gorputza eta kontakizun bisuala uztartzen dituzten tekniken bitartez".

Material sinpleak erabilita, parte hartzaileek beren pertsonaiak sortuko dituzte, eszenatokitik harago zer dagoen ikusiko dute eta itzal-antzerkiaren magia bisualean murgilduko dira. Antolatzaileek adierazitakoaren arabera, gainera, "jolasaren eta inprobisazioaren bidez, sormena lantzeaz gain, elkarrekin aritzeko gaitasuna, espazioaren ulermena eta norbere buruarenganako konfiantza ere landuko dituzte".

Hiru saio egingo dira guztira (abenduaren 22, 23 eta 30ean) eta saio bakoitzaren iraupena 90 minutukoa izango da. Agirre Jauregiko erakusketa gelan egingo dituzte hitzorduak.

Ordutegia honakoa izango da:

  • Abenduak 22: 16:00-17:30.
  • Abenduak 23 eta 30: 11:00-12:30.

Izen-ematea doakoa da eta bihar amaituko da horretarako epea (esteka honetan eman daiteke izena).

Itzal Antzerki Laborategiak Eñaut Gorbeak gidatuko ditu, antzerkiaren eta ipuin-kontalariaren munduan ibilbide luzea duen sortzaileak. Zurrunka Teatro konpainiaren sortzaileetako bat da eta itzal-antzerkia ardatz duten emanaldi ugari sortu ditu azken urteotan. Gainera, haur eta gazteentzako arte-hezkuntza proiektuetan aritzen da maiz, Euskal Herriko hainbat herritan.