Iaz Tene Mujika beka irabazi ostean, Mirande. Herriminez, ezin-minez saiakera liburua ondu du Mikel Sotok (Iruñea, 1978). Bertan, Miranderen argitaratu gabeko testuak kaleratu ditu eta, besteak beste, idazlearen arlo pertsonala ere aztertu du.
Azaroan ehun urte bete dira Jon Mirande (Paris, 1925-1972) jaio zenetik eta urteurrenean ikusi du argia, hain justu, hari buruz orain arte egin den ikerketa "osoenak".
Orain dela aste batzuk, azaroan, Donostian aurkeztu zuten liburua eta gaur, abenduaren 17an, Deban egingo dute aurkezpen ekitaldia, 18:30ean, udaletxeko pleno aretoan. Barrena komunikazio taldeak etzi kaleratuko du idazleari egindako elkarrizketa.