Euskalsurf Surf eta Bodyboard Zirkuitua 2025eko azken proba jokatu zen igandean (abenduak 7), Mundakan, eta bertan Bitor Garitaonandia eta Bianca Tye gailendu ziren. Probak, gainera, aurreko hitzorduek baino puntuazio bikoitza izan zuen urteko txapeldunak erabakitzeko orduan.
Surf kategorian, gizonezkoen mailan, Bitor Garitaonandia debarrak eskuratu zuen garaipena, jardunaldian egin zuen lan onari esker. Finalean Oxel Oregi markina-xemeindarra, Kai Odriozola donostiarra eta Guillermo Amezaga mundakarra izan zituen aurkari eta, hartutako olatu onek garaipena lortzen lagundu zioten.
Probako sailkapenari dagokionez, bigarren postua Oregik eskuratu zuen, hirugarrena Odriozolak eta laugarrena Amezagak. Emakumezkoen mailan, berriz, Bianca Tye nagusitu zen, Oihane Goñi izan zen bigarren, Nahia Calderon hirugarren eta Mikele Beato laugarren.
Bigarren, sailkapen orokorrean
Zirkuituko sailkapen orokorrari dagokionez, surflari debarrak bigarren amaitu du, 3.230 punturekin. Kai Odriozolarentzat izan da lehen postua; Sopelan eta Zarautzen lortutako garaipenak erabakigarriak izan dira lidertza bereganatzeko orduan. Donostiarrak, guztira, 3.460 puntu eskuratu ditu. 3.080 lortuta, Oxel Oregik amaitu du zirkuitua hirugarren.