Xake Festa egingo dute abenduaren 23an

Berriketan 2025eko abenduaren 10a

Txapelketa Ispiluen gelan izango da (17:00etan) eta 16 urtetik beherakoei zuzenduta egongo da. Izena emateko epea abenduaren 19ra arte egongo da zabalik.

Debako Udalak jakinarazi du xake zale gazteentzako plan berezia prestatu duela beste behin ere. Izan ere, abenduaren 23an, San Roke Xake Taldearen ekimenez, Xake Festa Deba 2025 ospatuko da Ispiluen gelan. Aurreratu dutenez, 16 urtetik beherako parte-hartzaileei zuzendutako ekimen horretan "estrategia, arreta eta dibertsioa" izango dira protagonista.

Txapelketa 17:00etan hasiko da eta joko sistema suitzarra izango du, guztira sei txandarekin eta partida bakoitzerako hamar minutuko denbora muga ezarrita. Hortaz, erritmo biziko formatu dinamikoa izango da.

Izena emateko epea abenduaren 19ra arte egongo da zabalik; parte hartu nahi dutenek Debako turismo bulegora jo beharko dute izena emateko eta kartel ofizialean ageri den QR kodea eskaneatuz ere egin ahal izango dute izen-ematea. Plaza kopurua mugatua izanik, izen-ematea lehenbailehen egitea gomendatu dute antolatzaileek.

Ekimen hau gazteen artean xakearen balio pedagogikoak eta sozialak sustatzeko helburuarekin sortu da, aisialdi hezitzailea bultzatuz eta taldeko dinamika osasuntsuak sendotuz. Debako Udalak ekimenean parte hartzeko deia egin die herritarrei; gazteei zuzendutako jarduera hauen garrantzia azpimarratu du, "herriko elkarteak indartzeaz gain, hezkuntza, kultura eta parte-hartzea uztartzen dituztela" nabarmenduz.