Barrena komunikabide berria aurkeztu dute Deban

Berriketan 2025eko abenduaren 4a

Atzo, Euskararen Nazioarteko Egunean, egin zuten eskualdeko komunikazio proiektu berriaren aurkezpen ekitaldia Deban. Hamarnaka lagun bildu ziren Kultur Elkartean.

Abenduaren 19an kaleratuko dute Barrena astekariaren lehen alea eta egun berean jarriko da ikusgai barrena.eus webgune bateratua. Eta proiektuaren nondik norakoak jendaurrean aurkezteko ekitaldia izan zen atzokoa. Hamarnaka lagun bertaratu ziren eta aurkezpenaren ondoren luntxa egin zuten, baita talde argazkia atera ere, astekari berriaren 0 zenbakiarekin.

Zuhatza Euskara Elkarteko kideek azaldu bezala, Debako eta Itziarko herriguneetan astekariaren banaketa masiboa egingo dute hasiera batean, martxora arte, herritarrek komunikabidea ezagutzeko aukera izan dezaten; alegia, herriguneetako postontzi guztietan lagako dituzte aleak ostiralero. Herriguneetatik kanpo bizi direnek, ordea, paperezko bertsioa jaso ahal izateko eskaria egin beharko dute aurrez. Datozen egunotan eta asteetan egingo dituzte publiko xehetasun guztiak.