Bertsoak, Gabonetako apaingarrien tailerra eta zinema proiekzioak Euskeraz Bageraren baitan

Berriketan 2025eko abenduaren 4a

'Maspalomas' filmaren fotograma bat

Bete-bete dator Euskeraz Bagera zikloaren egitaraua astebururako. Bost hitzordu izango dira aukeran: bertso saio bat, Gabonetako apaingarri ekologikoak egiteko tailerraren bi saio eta umeentzako eta helduentzako film proiekzio bana.

Euskeraz Bagera egitasmoari jarraipena emanez, aste honetan ere askotariko ekintzak izango dira aukeran. Bihar (abenduak 5), esaterako, Debako Gazte Asanbladaren ekimenez, bertso saioa izango da, 20:00etan, Gaztetxean. Lau bertsolari izango dira kantuan: Aitor Zubikarai itziartarra, Elixabet Etxandi izpurarra eta Txaber eta Bittor Altube abadiñarrak. 

Herriko gazteenei zuzenduta, Gabonetako apaingarri ekologikoak egiteko tailerraren bi saio ere iragarri dituzte. Bata, larunbatean (abenduaren 6) izango da eta, bestea, astelehenean (abenduak 8). Azaldu dutenez, saio bakoitzean bina txanda izango dira. Hala banatu dituzte txandak:

Abenduak 6:

  • 16:30. HHko haurrak.
  • 17:30. LH3 eta 4ko haurrak.

Abenduak 8

  • 16:00. LH 1 eta 2ko haurrak.
  • 17:30. LH 5 eta 6ko haurrak.

Igandean (abenduak 7), berriz, umeentzako eta helduentzako film bana proiektatuko dute Kultur Elkartean. 16:30ean, Gabon kutsuko Superklaus ikusi ahal izango da. 19:00etan, berriz, Donostiako Zinemaldian saritutako Maspalomas proiektatuko dute.