Urteko sasoi honetan ohikoa izaten den bezala, bidezko merkataritza bultzatzeko Gabonetako denda zabaldu du Kooperazio Taldeak, Ostolaza eta Portu kaleek bat egiten duten izkinan kokatuta dagoen lokalean.
Astelehenean (abenduak 1) ireki zituen ateak eta Errege Egunera arte (urtarrilak 6) egunero egongo da martxan, ondoko ordutegian: astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara.
Funtsean, aurten ere aurreko urteetako "antzeko eskaintza" izango dela azaldu dute Kooperazio Taldeko kideek, dena ere "prezio onean". Besteak beste, beste herrialde batzuetako askotariko artisau produktuak erosteko aukera egongo dela esan dute, baita hainbat herrialdetako bidezko merkataritzako kooperatibetatik inportatutako txokolatea, kafea, panela, tea... ere. "Horrez gain, jostailu hezitzaileak eta Debako emakumeek egindako artisau produktuak ere izango dira salgai: mantak, jaioberrientzako arropa, bufundak, txanoak...", gaineratu dute.
Kooperazio Taldeko kideek iragarri dutenez, salmentatik lortutako irabazien zati bat garapen bidean dauden herrialdeetako biztanleen bizi baldintzak hobetzeko erabiliko dute. Zehazki, Maliko Togo eskualdean dagoen Saint Paul eskolan garatzen ari diren proiektu bat bultzatzeko izango da dirua. Beste zatia, berriz, Ukrainara bidatuko dutela jakinarazi dute, "Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendiak kaltetutako eremuan dagoen Orane herriko ikasleen premiei erantzuteko".