Beste urte batez, martxan da berriz ere Mintzalaguna egitasmoa Deban. Zuhatza Euskara Elkarteak dinamizatzen du ekimena, Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin elkarlanean, eta euskararen erabilera sustatzea du helburu. Finean, euskaraz trebatu nahi duten pertsonentzako programa bat da, erabileran zentratzen dena. Bidelagunak (euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak) eta bidelariak (mintzapraktika egin nahi dutenak) elkartzen ditu egitasmoak. Horrela, urteak daramatza milaka pertsonari euskalduntzeko bidean laguntzen.
Eremu akademikotik kanpo garatzen da Mintzalaguna, aisialdian, eta helburua euskaraz aritzeko guneak eta uneak eskaintzea da; parte-hartzaileei elkarrekin hitz egiteko aukera ematen die, betiere gune informaletan. Izan ere, hizkuntza ikasia izan arren, askok ez dute lasai eta eroso hitz egiteko espaziorik izaten eta ekimenak horretarako gune segurua eskaintzen die, hain justu. Rosa Lopez bidelariak adierazi duenez, adibidez, programak euskaraz "beldurrik gabe" hitz egiteko aukera eman dio. "Euskara ikasten jarraitzeko eta beste pertsona batzuk ezagutzeko helburuz" erabaki zuen izena ematea eta taldean aritzeak asko lagundu diola aitortu du: "Gehiago hitz egiten dut, beldurra galdu dut eta konturatu gabe asko ikasten ari naiz".
Astean behin elkartzen dira, euskararen erabilera eguneroko bizitzan txertatuz
Deban astean behin elkartzen dira partaideak, talde txikietan; tabernetan edo kafetegietan egiten dituzte mintzapraktika saioak, lagun giroan. Ordubetez aritzen dira, euskararen erabilera eguneroko bizitzan txertatuz. Mariaje Carrillo bidelagunak dioenez, "helburua argia da: euskaraz aritzeko aukera ematea. Baina, bide batez, helburu bera duten pertsonak ezagutzeko aukera ederra ere ematen du". Azaldu duenez, "saioetan lasai hitz egiten dugu, huts egiteko beldurrik gabe, eta horrek konfiantza ematen die partaideei".
Esperientzia aberasgarria
Orain arteko esperientziarekin gustura dagoela nabarmendu du Marili Perosanz bidelariak, "lotsa galtzen joateko balio izan didalako". Eta ildo beretik mintzo da Fede Martinez ere: "Hasieran asko lotsatzen nintzen eta orain ausartagoa naiz. Ingurukoek ere nabaritu dute aldaketa, baina oraindik kosta egiten zait ulertzea eta elkarrizketa bat jarraitzea", aitortu du. Bere esanetan, ekimena oso lagungarria da euskara ikasten ari direnentzat. "Euskaltegian gauza asko ikasten ditut, batez ere gramatika, baina euskara ikasteko beharrezkoa da hitz egitea eta nik etxean eta lagunekin ez dut nahikoa hitz egiten", gaineratu du.
"Saioetan lasai hitz egiten dugu, huts egiteko beldurrik gabe, eta horrek konfiantza ematen die partaideei"
Asteroko saioa ondo etorri zaiola dio Josune Artetxe bidelagunak ere: "Hasi nintzenetik nire euskara berreskuratu eta gaitasuna lortu dut". Eta Mari Carmen Martinez bidelariak ere taldean euskaraz jardutearen garrantzia azpimarratu du. "Taldean ikasi dut elkarrizketak lasai hartzen. Niretzat oso garrantzitsua da euskara poliki entzutea eta ulertzea; azkar hitz egiten badute, ez dut dena ulertzen eta jokoz kanpo geratzen naiz. Horregatik, niri oso ondo etortzen zait programan parte hartzea".
Karmele Zulaika bidelagunak azaldu duenez, "eguneroko gauzez aritzen gara saioetan: herriko gorabeherez, bakoitzaren egitekoez, asteburuko kontuez, munduan gertatzen denaz...". Halaber, noizean behin talde guztiak batzen dira, jardueraren bat elkarrekin egiteko. "Afari-meriendaren bat egiten dugu, adibidez, harreman sarea zabalduz", gaineratu du Carrillok. "Baten batek helburu hori baldin badu, proba egiteko esango nioke. Uste dut ez dela damutuko".
8.000 partaide
30 urte baino gehiago ditu Mintzalaguna egitasmoak. Taupak emandako azken datuen arabera, Euskal Herri osoko 8.000 bat lagunek parte hartzen dute. Gaur-gaurkoz, Deban hiru talde daude martxan: horietako bi astelehenetan elkartzen dira (bata 15:30ean eta bestea 16:00etan) eta hirugarrena, berriz, ostiraletan (11:00etan). Urrian osatu zituzten taldeak, baina urte osoan eman daiteke izena.
Doakoa da bertan parte hartzea, eta boluntarioa. Guztiei irekita dagoen arren, antolatzaileek gogorarazi dute komeni dela gutxieneko euskara maila izatea. Interesatuek Zuhatza Euskara Elkartera jo beharko dute (kontaktua: 943 19 13 83 edo koordinatzailea@zuhatza.com).