Skabidean taldeak Jose Manuel Ostolazaren omenezko kantu bat kaleratu berri du

Berriketan 2025eko abenduaren 1a

Iruñeko Skabidean musika taldeak Herri kuttuna izeneko diskoa argitaratu berri du, bere estudioko seigarren lana. Bertan aurkitu daiteke Jose Manuel Ostolaza debarraren omenezko ‘Ostolaza’ abestia.

Taldeak adierazi duenez, disko kontzeptuala da hau, "Euskal Herritik erbestera joandako herritarrei eta gaur egun euren herria utzi behar izan dutenei" eskainitakoa. Diskoa zazpi abestiz osatuta dago eta horietako batean, Ostolaza izeneko abestian, "Jose Manuel Ostolazari eta Debako herriari" omenaldia egin nahi izan dio taldeak.

Herri kuttuna dagoeneko entzungai dago Interneteko musika-plataforma nagusietan eta Durangoko Azokan formatu fisikoan eskuratzeko aukera ere egongo da.

Ostolazaren ekarpena gogoratuz

Valladoliden jaio zen Ostolaza, 1875. urtean, bere gurasoak hara joanak baitziren gerra karlistatik ihesi; jaio eta hilabete gutxira ekarri zuten Debara eta bertan hazi zen. Gerora, Mexikon eta AEBetan enpresari lanetan aritu zen, kafearen eta lastozko kapelen salerosketan. Gerora, bere ondasunen zati garrantzitsu bat dohaintzan eman zuen EBEFO eraikina sortzeko (Ostolaza Fundazioaren Emigranteentzako Liburutegi Eskola) eta Debako kultura sustatzeko. Mexiko Hirian zendu zen, 1954an.