ELKARRIZKETA

“Esango nuke entzuleak nahiko proposamen pertsonala aurkituko duela diskoan”

Berriketan 2025eko azaroaren 28a

Hecetu Welo taldeak izen bereko estreinako diskoa kaleratu berri du, boskoteak sortutako hamabi kanta bilduta; Pablo Berrizbeitiak (Deba, 1988) azaldu bezala, plataforma digitaletan entzun daiteke, baina euskarri fisikoan ere aterako dute. Azaroaren 29an Arrasaten emango dute lan berria aurkezteko lehen kontzertua.

Iasnaia Arrutik (teklatuak), Nacho Campok (bateria), Ignacio Polo-Palauk (baxua), Iker Zubizarretak (gitarra) eta Pablo Berrizbeitiak (ahotsa eta gitarra) osatzen duten rock taldeak bere ibilbideko lehenengo diskoa kaleratu du: Hecetu Welo. Debarock Kolektiboak Agirre jauregian dituen lokaletan grabatu dituzte kantak eta Amorotoko Musikorta estudioan ondu dute lana. "Oso pozik" daude emaitzarekin eta jadanik entzungai dago Interneteko plataformetan. 

Lehenengo diskoa kaleratu duzue urrian: 'Hecetu Welo'. Zer dakar lan berriak? 
50 minutuko diskoa da, 12 kantuz osatua. Esango nuke entzuleak nahiko proposamen pertsonala aurkituko duela bertan. Diskoa eta taldea gaur egungo ohiko zenbait moldetatik urruntzen dira, bai iraupenean, bai edukian.



Nolakoa izan da sortze prozesua?   
Diskoko abestiak taldeko kideok konposatu ditugu. Normalean ideiak ez dira sortzen lokalean inprobisatzen, bakarka funtzionatzen dugu zentzu horretan; kasu gehienetan, bakoitzak bere etxean landu du ideia orokorra edo kantaren egitura eta gero erakutsi die besteei. Kanta batzuetan pertsona bakarrak egin du dena eta beste batzuetan lankidetza handiagoa egon da. Aipatu nahi nuke, gainera, Josu Salegi debarrak saxoa jotzen duela Eman su aretoari eta Paretak botatzea abestietan. 

“Uste dut oraindik ere badagoela txikia izan arren bizirik mantentzen den underground eszena bat, kosta ahala kosta bizirik mantendu behar dena”

Nola joan da grabazioa? Pozik emaitzarekin?
Guk grabatu ditugu kantak, Debarock Kolektiboak Agirre jauregian dituen lokaletan, eta horrek lan handia eskatu digu, ez genuelako esperientziarik auto grabaketan. Baina horrela egin izanak asko irakatsi digu eta oso eskertuta gaude Debarock-ekin. Kolektiboko kide naiz aspalditik eta diskoaren grabazioan beste hainbat kidek lagundu digute. Ekoizpena, berriz, Amorotoko Musikorta estudioan egin dugu. Oso pozik gaude emaitzarekin, asko ikasi dugu eta lan txukuna egin dugula uste dugu.

12 kantaz osatutako lana da. Abesti propioak al dira?
Bai, abesti guztiak guk sortutakoak dira. Oso argi izan dugu hasieratik gure musika egin nahi genuela.

Zertaz mintzo zarete abestietan?   
Denetarik dago. Zenbait kanta nahiko introspektiboak dira; bizi izandakoetatik atera dira hitzetako batzuk. Musika bizi duzuna edo sentitzen duzuna adierazteko oso bide aproposa dela uste dut. Dena den, bestelako kantak ere badaude, seriotasunetik edo sakontasunetik aldendu eta gai "arruntagoak" lantzen dituztenak, baina aldi berean nahiko kriptikoak direnak, metaforaz josiak baitaude. Uste dut xarma puntu bat ere baduela abesti batzuen gaia hain agerikoa ez izateak.

Erabaki kontziente bat al da euskaraz kantatzea?
Ez, kantak horrela egitea naturala izan da. Esango nuke taldean ez dugula inoiz honetaz hitz egin; horrela irteten zaigu berez. Egia esan, kanten gaiei edo hitzei buruz pentsatzen hasten naizenean ez dut inoiz gazteleraz egiten. 

Rock taldea da zuena, baina talde eklektikoa zaretela esana duzue. Zer zentzutan? 
Noizbait esan izan dut eklektikoak garela, kanta batzuen artean estilo aldaketa handiak daudelako. Beti iruditzen zait zaila estiloa definitzea eta talde batek egiten duena ulertzeko motz geratzen dela uste dut, baina saiatuko naiz... Egiten dugun guztia rockaren barruan kokatu daiteke, baina batez ere grunge rocka eta soinu psikodelikoak lantzen ditugu, nahiz eta rockaren baitako beste estilo batzuetara ere hurbiltzen garen; blues rocka, stoner rocka eta kutsu progresiboa eta pixka bat metaleroa izan dezakeen kantaren bat ere badago disko honetan.

Nondik dator taldearen izena? 
Hecetu Welo-k "Hala bedi" esan nahi du lakota hizkuntzan —Lakota Ipar Amerikako jatorrizko herri bat da, europarrak lur haietara iritsi aurretik egungo AEBetako eta Kanadako mugaren artean bizi dena—. Taldea sortu genuenerako kanta batzuk bagenituen, baina izenik ez oraindik. Justu Nick Estes idazle lakotaren Gure historia da etorkizuna irakurtzen ari nintzen eta atentzioa eman zidan Hecetu Welo esamoldeak. Taldearentzako izen egokia izan ote zitekeen pentsatu nuen eta esamoldeak berak, bere esanahiarekin, argitu zidan zalantza.

 


Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?  
Betidanik izan naiz musikazalea. Uste dut hein batean gurasoen Maxi Bar tabernan hazi eta hezi izanak zerikusi handia izan duela horretan. Tabernan musika estilo desberdinak entzuten nituen umetatik eta, handitzean, lanean edo barraren beste aldean ere ordu asko pasa nituen bertan. Gurasoak ere musikazaleak dira eta txiki-txikitatik sartu ninduten musika eskolan. 

Aurrez beste musika talde edo proiektu batzuetan ibili zara? 
Bai. Nerabezaroan gaztetxeko entsegu lokaletan inoiz izenik izan ez zuten talde batzuetan jotzen genuen eta beranduago beste talde batzuen bertsioak egiten genituen proiektu ezberdinetan (Osororen mendekua, Retrallica, The time of Noiz).

'Hecetu Welo' diskoa entzungai dago plataforma digitaletan. Dena den, jendaurrean aurkezteko zuzenekorik ere izango da, ezta?
Bai. Bi data garrantzitsu ditugu datozen hilabeteotan. Batetik, Natural Project taldearekin batera azaroaren 29an Arrasaten emango dugu aurkezpen kontzertua; berezia izango da guretzat, diskoaren aurkezpena delako eta diskoko bateria grabatu duen eta orain arte taldekide izan dugun Aitor Etxagibel arrasatearraren agurra izango delako. Bestetik, urtarrilaren 23koak ere ilusio handia egiten digu, gure oraingo bateria Nacho Camporen aurkezpen kontzertua izango baitugu Mutrikuko Zubiaram tabernan, Koda talde debarrarekin batera.

“Abesti gehiago sortzen ere bagabiltza. Dena ondo baldin badoa, espero dugu hemendik denbora batera beste disko bat iragartzeko moduan egotea”

Sasoiko al dago Euskal Herriko musika eszena? 
Sormenari dagokionez baietz esango nuke, jende asko dabil hainbat estilotan gauza interesgarriak egiten. Nahiko adi egoten naiz euskal rockaren eszenari dagokionez eta iruditzen zait askotan irteten direla kalitatezko lan berriak. Hala ere, talde hasi berrientzat nahiko zaila da kontzertuak lortzea eta agian are zailagoa eszenan leku bat egitea, leku txiki askori zaila zaielako bizirautea eta gero eta hedatuago dagoelako kontzertu handien eta erraldoien eredua; eta hor talde gutxi batzuk mugitzen dira, zirkuitu nahiko itxi batean. Baina, bueno, ez naiz erabat pesimista, uste dut oraindik ere badagoela txikia izan arren bizirik mantentzen den underground eszena bat, kosta ahala kosta bizirik mantendu behar dena eszena osasuntsu bat edukitzeko.

Zer asmo ditu taldeak etorkizunera begira?
Orain gure lehen diskoaren edizio fisikoa prestatzen ari gara; diseinu lanetan Martin Lores ari zaigu laguntzen eta kristoren lana egiten ari da. 100 LPko tirada  txiki bat aterako dugu eta oso txukun geldituko dela uste dugu. Horrez gain, datorren urterako diskoa aurkezten jarraitzeko kontzertuak lotzen saiatzen ari gara. Eta, aldi berean, abesti gehiago sortzen ere bagabiltza. Beraz, dena ondo baldin badoa, espero dugu hemendik denbora batera beste disko bat iragartzeko moduan egotea.