Hiru hitzordu dakartza Euskeraz Bagera egitasmoaren lehen asteburuak

Berriketan 2025eko azaroaren 28a

Antolatzaileek datozen egunetan egingo diren jardueretan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Zuhatza Euskara Elkarteak, Debako Udalak eta herriko hainbat taldek elkarlanean osatutako egitaraua asteazkenean (azaroak 26) abiatu zen, Errigoraren saskien banaketarekin. Eta, asteburura begira, beste hiru hitzordu iragarri dituzte: Punpairez euskarazko late-night show-a, Iturrian korua taldearen emanaldia eta umeentzako film-proiekzioa. 

Asteburuko ekintzei umorea, elkarrizketak eta musika uztartzen dituen Punpairez late night saioak emango die hasiera. Gaur (azaroak 28), 20:30ean, eskainiko dute ikuskizuna Kultur Elkartean eta oraindik ere sarrerak geratzen direla iragarri dute. 

Maria Blancok aurkeztuko du saioa eta Xabin Fernandez eta Antonio Iriarte umoregileak izango ditu bidelagun. Oholtzan izango diren gonbidatu bereziak ere iragarri dituzte: Itziarko Kalekantoi taldeko Ale, Itziar eta Ihintza Irizar.

Bihar eguerdian (azaroak 29) Iturrian koruaren kalejira izango da. Eta etzi, igandean, asteburu honetako egitarauari amaiera emateko Kaixo Frida umeentzako filma proiektatuko dute, 16:30ean, Kultur Elkartean.

Antolatzaileek datozen egunetan egingo diren jardueretan parte hartzeko deia egin diete herritarrei: "Aisialdiaz euskaraz gozatzeko eta herritarron artean harreman sare berriak eraikitzeko erronkarekin jaio zen Euskeraz Bagera 2021ean eta hasierako helburuei eusten die. Euskaraz egiten dugu, eta euskaratik; euskarak egiten baikaitu herri, euskaraz bagara".

Hainbat eragile

Euskararen erabilera sustatzea helburu duen egitasmoa bosgarren urtez egingo dute aurten Deban. Zuhatza elkarteak, Debako Udalak eta hamarnaka norbanakok ez ezik, ondoko eragileek ere bat egingo dute zikloarekin: Debako Gazte Asanblada, Kalean Kantuz, Debadezine, Debako Kontalariak, Kultur Elkartea, Bakarrizketak Euskaraz, Iturrian korua, Zubi Guraso Elkartea eta Goimek.

Elkarlanaren emaitza izango da, hortaz, Euskeraz Bagera. Eta guztien artean egitarau zabala prestatu dute, orotara 20 bat jarduera izango baitira aukeran azaroaren 26tik abenduaren 21era bitartean.

Hilaren 18an eman zuten adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzen berri. Kultur eskaintzak askotariko osagaiak izango ditu: umorezko bakarrizketak, musika emanaldiak, eskulan tailerrak, liburu aurkezpenak, zinema proiekzioak, ipuin kontaketak, bertso saioak, ikuskizunak...