TAO makina berria jarri dute geltoki zaharrean

Berriketan 2025eko azaroaren 28a

Debako Udalak jakinarazi duenez, makina berriak parametrizazio berria du. Horren arabera, lehenengo ordua doakoa izango da erabiltzaile guztientzat eta bigarren eta hirugarrenak, berriz, ordainpekoak izango dira. 

Debako Udalak TAO makina berria instalatu du geltoki zaharreko aparkalekuan, erabilera-baldintza eguneratuekin eta parametrizazio berriarekin. Azpimarratu dutenez, helburua da espazioaren erabilera orekatua sustatzea eta aparkalekuaren kudeaketa eguneroko beharretara egokitzea.

Parametrizazio berriari dagokionez, lehengoa baino "errazagoa eta intuitiboa" dela esan dute, "erabiltzaileari informazioa argi eta garbi eskaintzen diona". Honako funtzionamendua izango du: lehenengo ordua doakoa izango da erabiltzaile guztientzat, eta hurrengo orduak, berriz, ordainpekoak izango dira. Neurri horrekin aparkalekuaren erabilera mugatua eta partekatuagoa bultzatu nahi dela adierazi dute, "batez ere jendetza handia den uneetan".

Dena den, Debako bizilagunentzako baldintzak ez direla aldatuko nabarmendu dute; "euren egunerokoan eraginik izan ez dezaten, aparkalekuaren erabilera baldintzak lehengo moduan mantenduko dira", azaldu dute.