Otsailean egin zuten Punpairez late night saioaren estreinaldia Deban eta urtea amaitu aurretik bueltan izango da ikuskizuna Kultur Elkartean. Oraingo honetan, ostiralerako (azaroak 28) jarri dute hitzordua.
Inprobisazioa ardatz hartuta, umorea, elkarrizketak, musika eta beste hainbat osagai nahasten dituzte ikuskizunean. Maria Blancok aurkeztuko du saioa eta gonbidatuak eta kolaboratzaileak izango ditu bidelagun. Besteak beste, Xabin Fernandez eta Antonio Iriarte umoregileak ariko dira agertokian eta, aurreratu dutenez, zuzeneko musika ere izango da.
Oholtzan izango diren gonbidatu bereziak ere iragarri dituzte: Itziarko Kalekantoi taldeko Ale, Itziar eta Ihintza Irizar. Aski ezagunak ziren lehendik ere inguruotan, eta are ezagunago bihurtu dira abuztuan egin duten bidaiaren harira. Familiako zortzi kide duela urte asko Islandian euskal baleazaleak ibili ziren txokoetan egon dira udan; bost kontzertu eman dituzte bertan, euskal musika lau haizetara zabalduz.
Publiko orokorrari zuzendutako ikuskizuna 20:30ean hasiko da; Internet bidez eros daitezke sarrerak, 12 euroan, labur.eus/punpairezkulturdeba estekan.