Itsas hondakin bilketa egingo dute larunbatean Deban

Berriketan 2025eko azaroaren 27a

Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan, itsas hondakinak biltzeko bederatzi ekintza bateratu antolatuko dituzte larunbaterako (azaroak 29). Ekintzak Gipuzkoako sei herritan egingo dira, eta Deba horietako bat izango da.

MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak antolatuta eta Itsas Zaintza Sarea proiektuaren baitan, hondakinak biltzeko makrobilketa egingo dute larunbat (azaroak 29) honetan. Azaldu dutenez, bederatzi ekintza bateratuk osatuko dute Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan gauzatuko den jardunaldia.

Iragarri dutenez, ekintzak lurraldeko sei herritan burutuko dira: Deban, Zumaian, Zarautzen, Donostian, Hondarribian eta Pasaian, eta denak aldi berean izango dira, hau da, 11:00etatik 13:00etara. "Ekimen honen bidez, itsasoa eta hondartzak plastiko eta bestelako hondakinez garbitu nahi dira, hondakin metaketa handiena duten puntu estrategikoetan esku hartuz", azpimarratu dute antolatzaileek. 

Deban, zehazki, Santiago hondartzan egingo dute bilketa eta, esan dutenez, parte hartzaileei beharrezko material guztia emango zaie, bai hondakinak jasotzeko, bai ondorengo sailkapena egiteko. 

Antolatzaileek deia luzatu diete herritarrei ekintzan parte hartzeko. Interesa dutenek 619 81 42 25 telefono zenbakira deitu edo itsaszaintzasarea@mater.eus helbide elektronikora idatzi dezakete.