Debako Udalak Gabonetako apaingarri ekologikoak egiteko tailer bat antolatu du. Musika Eskolako erakusketa aretoan egingo da eta bi saio izango dituela iragarri dute: lehenengoa abenduaren 6an izango da eta bigarrena abenduaren 8an. 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta, azpimarratu dutenez, parte-hartzaileak adin-tarteen arabera antolatutako ordutegi ezberdinetan banatuko dituzte.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, helburua da "haurrak asmatzaile ekologiko bihurtzea" eta material birziklatuekin zein naturalekin Gabonetako esferak, zuhaitzak, koroak eta beste apaingarri batzuk sortzeko gaitasuna garatzea. "Sormena sustatzeaz gain, ingurumen kontzientzia sustatzea, talde-lana bultzatzea, kontsumo arduratsua edo jai jasangarriagoak eta artistikoagoak gozatzeko balioak lantzea da helburua", azaldu dute.
Saio bakoitzaren iraupena ordubete eta erdi eta bi orduren artekoa izango dela esan dute. "Tailerra ongietorriaz hasiko da eta materialek bizitza berria izan dezaketela jabetzeko hausnarketa kolektibo batekin jarraituko du; ondoren, sortze-lan librea egingo da, talde bakoitzak bere proiektu dekoratiboa garatu dezan; eta azkenik, Etorkizuneko EkoGabona izeneko erakusketa kolektibo batekin amaituko da; bertan, egindako lanak aurkeztuko dituzte", zehaztu dute.
Bestalde, antolakuntzak behar den material guztia jarriko du partaideen eskura. Nahi izanez gero, parte-hartzaile bakoitzak etxetik zerbait ekartzeko aukera izango duela gaineratu dute.
Izen-ematea
Izena emateko epea azaroaren 30era arte egongo da zabalik eta ondoko esteka honen bitartez egin daiteke: https://labur.eus/gabonetakoapaingarrientailerra
Informazio gehiago eskuratzeko, herritarrak antolatzaileekin jar daitezke harremanetan (kontaktua: maddi.gurruchaga@alumni.mondragon.edu edo 688 76 06 81).