Debako Udalak jakinarazi duenez, abian dira Pasealeku Estalia birgaitzeko obrak. Zehaztu dutenez, astelehenean (azaroak 24) hasi ziren lanak eta helburua da "eraikin adierazgarri hori tokiko merkatu eta herritarrentzako topagune gisa berreskuratzea".
Lanei dagokienez, eraikin osoa zaharberrituko dute, haren balio historiko eta arkitektonikoa errespetatuz, eta etorkizunean merkatu estali moderno bat hartzeko prest egongo dela nabarmendu dute. Hobekuntza estetikoaz gain, egiturazko eta irisgarritasun arazoak ere hobetuko dituzte, harrizko eta hormigoizko elementuak garbituko eta birgaituko dituzte, eta ur-hustubide sistema hobetuko dutela ere iragarri dute.
Proiektuak, gainera, Next Generation funts europarren finantzaketa du, Europar Batasunak bultzatutako suspertze eta eraldaketa esparruaren baitan. Udal iturrien arabera, jarduketa "estrategikoa" izango da udalerriarentzat, "1910ean eraikitako Debako eraikin berezienetako bat biziberritzeko eta haren kontserbazioa bermatzeko".
Proiektua birgaitze-lan bat baino askoz gehiago dela azpimarratu du Alazne Txurruka alkateak. "Gure hirigunea biziberritzeko, tokiko merkataritza sustatzeko eta gure bizilagunentzat oroitzapen ugari eta garrantzi historikoa duen espazio bat berreskuratzeko apustua da”, adierazi du. "Europako funtsei eta Debegesaren zein Udalaren konpromisoari esker, gune hau herritarrentzako topagune biziago, dinamikoago eta erabilgarriago bihurtuko dugu", gaineratu du.
Aldi baterako aldaketak
Lanak direla eta, autobus geralekuetan behin-behineko aldaketak egingo dituztela jakinarazi dute. "Udaletik, herritarren ulermena eskertzen da eta barkamena eskatzen dugu aldi baterako aldaketa hauek eragin ditzaketen eragozpenengatik".
Aldaketa horiek, zehazki, DB03 (Lekeitio–Donostia), DB04 (Mallabia–Deba–Ondarroa), DB05 (Ondarroa–Deba–Zumaia) eta DB06 (Soraluze–Ondarroa) lineetan izango dira. Gaurtik (azaroak 26) aurrera, beraz, Aterpe tabernaren parean eta tren geltokiaren ondoan geratuko dira autobusak:
- DB03 Lekeitio-Donostia linea
- Donostiarako noranzkoa: Aterpe tabernaren parean.
- Lekeitiorako noranzkoa: tren geltokiaren ondoan.
- DB04 Mallabia-Deba-Ondarroa linea
- Jaisteko geralekua (bi noranzkoetan): Aterpe tabernaren parean.
- Igotzeko geralekua (bi noranzkoetan): tren geltokiaren ondoan.
- DB05 Ondarroa-Deba-Zumaia linea
- Zumaiarako noranzkoa: Aterpe tabernaren parean.
- Ondarroarako noranzkoa: tren geltokiaren ondoan.
- DB06 Soraluze-Ondarroa linea
- Jaisteko geralekua (bi noranzkoetan): Aterpe tabernaren parean.
- Igotzeko geralekua (bi noranzkoetan): tren geltokiaren ondoan.
Eraikinaren atzeko aldean zeuden edukiontziak, bestalde, aldi baterako beste toki batzuetan birkokatu behar izan dituztela adierazi du Udalak. Errefusa, organikoa, beira, arropa eta olioaren edukiontziak geltokiko aparkalekura lekualdatu dituzte; zehazki, taxien geldialdiaren ondora. Paperarenak eta ontzienak, berriz, behin-behinean Gudarien Plazan geratuko dira, eremu horretako obrak hasi arte.
Lanak direla eta, Pasealeku Estalian egiten den ohiko merkatua beste leku batzuetara lekualdatuko dute. Honakoak izango dira aldi baterako kokaleku berriak:
- Produktu orokorren saltzaileak kioskoaren ondoan kokatuko dira, udan egiten den bezala.
- Herriko ekoizleek udaletxearen azpian egingo dute salmenta.

