Aizpuru-Oiartzabal eta Gisasola-Almortza nagusitu dira Debako XIII. Pala Txapelketan

Berriketan 2025eko azaroaren 25a

Oso borrokatuak izan ziren larunbatean (azaroak 22) Aldats pilotalekuan jokatu ziren bi finalak, baita ostiralean (azaroak 21) jokatutako norgehiagokak ere.

Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak eta Debako Udalak antolatuta, larunbatean (azaroak 22) jokatu zituzten lehen eta bigarren mailei zegozkien finalak. Beti bezala, ohore guztiekin abiatu zen jaialdia, agurra eta aurkezpenak eginda.

Lehenik bigarren mailako lehia jokatu zen. Onintza C. Sukia eta Onintza Lazkano debarrak (gorriz) eta Miren Gisasola eta Alaitz Almortza eibartarrak (urdinez) izan ziren aurrez aurre. Tantoak gogorrak izan baziren ere, urdinek berehala hartu zuten partidaren agintea eta, pixkanaka, markagailuan aldea handitzen hasi ziren.

Etxekoak partida orekatzen saiatu baziren ere, urduritasuna gailendu zen eta ez zuten asmatu une erabakigarrietan. Azkenean, 10-22 emaitzarekin, erraz gailendu ziren Gisasola eta Almortza, baita txapela irabazi ere.

Alaitz Almortza eta Miren Gisasola txapelak soinean

 

Lehen mailako finala jokatu behar zuten bi bikoteek beroketak egin bitartean, punteria-jolasa egin zuten kantxaren bestaldean. Parte hartzaileen artean Maite Mugartegi eta Miren Artetxe izan ziren onenak.

Maite Mugartegi eta Miren Artetxe, punteria-jolaseko txapeldunak.
 
Partida luzea

Azkenik, lehen mailako finalari ekin zioten. Amaia Aizpuru azkoitiarra eta Elaia Oiartzabal debarra (urdinez) eta Naiara eta Eneritz Mitxelena ahizpa oiartzuarrak (gorriz) aritu ziren aurrez aurre. Espero bezala, emozioz betetako norgehiagoka eskaini zieten Aldats pilotalekura gerturatu ziren zaleei. Lehia estua eta gogorra izan zen hasiera-hasieratik eta batez ere luzea, ordu eta 45 minutu pasakoa. Tanto oso luzeak izan ziren, zenbait jokaldik hamar minutu ere iraun zuten.

Neurketa oso berdinduta hasi zen, baina ondoren Aizpuruk eta Oiartzabalek markagailuan aurrea hartzea lortu eta 3-9 irabazten ere joan ziren. Oiartzuarrek, gero, beste sei tanto egin zituzten jarraian eta markagailua orekatzea lortu zuten. Bederatzina berdinduta eta indarrak parekatuta, partida gehienbat atzean erabaki zen.

Amaia Aizpuru eta Elaia Oiartzabal txapela soinean.

 

Tanto bakoitza borroka hutsa izan zen; urdinak aurretik, gorriek atzetik berdinduta… 11na berdindu arte hala joan ziren. Hortik aurrera, akatsak garesti ordaindu ziren, eta gorriek tantoren bat edo beste egitea lortu bazuten ere, 7 tantoko aldearekin (15-22) txapela eta garaipena Amaia Aizpuru azkoitiarrarentzat eta Elaia Oiartzabal debarrarentzat izan zen.

Sari banaketa

Eguna talde argazkia aterata eta Ozio Biden egin zuten bazkariarekin amaitu zuten, baina aurretik sari banaketa eta bazkideen arteko zozketa ere egin zituzten. Maite Etxeberria sari berezia, esaterako, Iratxe Astigarragari eta Maialen Rosari eman zieten aurten, “herrian pala bultzatzeko egiten duten ahaleginagatik”.

 

Maialen Rosa eta Iratxe Astigarraga Imanol Etxeberriarekin.

 

Hirugarren eta laugarren postuak

Ostiralean (azaroak 21) hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidak jokatu zituzten. Ez zen emoziorik falta izan partida horietan ere.

Lehen mailan, Iratxe Astigarraga debarra eta Yoli Mateos elgoibartarra nagusitu ziren; 22-17 emaitzarekin menderatu zituzten Miren Artetxe eta Sonia Tomas. Bigarren mailan, Iara Urkiri eta Jaione Arreitunandia mutrikuarrek osatutako bikoak irabazi zuen; 22-18 irabazi zuen Monika Salegi eta Irati Albizu debarren aurkako norgehiagoka.