Normalean beti egiten dute larunbatean musikarien zaindariaren egunaren bueltako kontzertua eta aurten larunbata da Santa Zezilia eguna bera. Debako Musika Bandak jakinarazi du prest daukala biharko errepertorioa eta emanaldira bertaratzeko deia egin die herritarrei, musikaz gozatu nahi duen oro gonbidatuz.
Azaldu dutenez, estilo ezberdineko abestiak entzuteko aukera egongo da Santa Maria elizako klaustroan, "kontzertura gerturatzen den publikoa anitza izaten dela kontuan hartuta". 12:30ean hasiko da emanaldia, baina aurrez herrian zehar ibiliko dira musikariak, kalejira txiki bat egingo baitute.