Aurreko astean finalerdiak jokatu ondoren, erabakita geratu dira bihar (azaroak 22), 10:30etik aurrera Aldats pilotalekuan lehiatuko den Debako Nesken XIII. Pala Txapelketaren final handian parte hartuko duten lehen eta bigarren mailako lau bikote finalisten izenak.
Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubeko kideek azaldu dutenez, parte hartzaileen aurkezpenarekin eta urtero finalistei egiten zaien agurra dantzatuz hasiko da pilota jaialdia.
Jarraian, bigarren mailako finalistak kantxaratuko dira. Iaz txapeldunorde izan ziren Onintza C. Sukia eta Oihana Lazkano debarren eta Miren Gisasola eta Alaitz Almortza eibartarren artean egongo da aurtengo txapelaren irabazlea. Antolakuntzatik iragarri dutenez, final "interesgarria" izango da, "bi bikoteek duten jokatzeko eragatik. Uste dugu pilota mugituko dutela".
Punteria-jolasa
Lehen mailako finalistak beroketetan diharduten bitartean, punteria-jolasa egingo dute. Antolakuntzatik azpimarratu dutenez, joko parte-hartzailea izango da, eta nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute bertan.
Ondoren, lehen mailako bikote finalistak kantxaratuko dira beren onena ematera. Amaia Aizpuru azkoitiarra eta Elaia Oiartzabal debarra Eneritz eta Naia Mitxelena ahizpa oiartzuarrek iaz lortutako txapela bereganatzen saiatuko dira. "Bi bikoteek jokatzeko antzeko modua daukate eta partidak luzea izateko itxura dauka. Akatsen bat egiten duenak galduko duela dirudi", aurreratu dute antolatzaileek.
Neurketa guztiak amaitzean, sari banaketarekin jarraituko dute. Tartean, ohi bezala, Maite Etxeberria saria emango diote Debako palistaren bati. Gainera, bazkideen artean zozketa berezia egingo dute eta parte hartzaile guztiei opariak emango dizkiete, baita saldu dituzten rifen zozketa egin ere. Urteroko talde argazkia aterata emango diote amaiera jardunaldiari.
Hirugarren eta laugarren postuak argitzeko partidak
Gaur (azaroak 21), berriz, maila bakoitzeko hirugarren eta laugarren postuak argitzeko partidak jokatuko dira. 17:00etan hasiko da jaialdia; bigarren mailan aritu diren Monika Salegi eta Irati Albizu debarrek Jaione Arreitunandia eta Iara Urkiri mutrikuarren aurka neurtuko dituzte indarrak.
19:00etan, aldiz, lehenengo mailako partidari ekingo diote. Yolanda Mateos elgoibartarrak eta Iratxe Astigarraga debarrak osatutako bikoteak Sonia Tomas eta Miren Artetxe debarrak izango ditu aurrez aurre.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, final bateko nahiz besteko sarrera doakoa izango da. Pilotazaleei eta herritarrei bertaratzeko gonbidapena egin diete.