Mikel Pagadiren 'Bisita' eta Miren Agur Meaberen 'Horizonte' izango dituzte hizpide Irakurketa Klubaren hurrengo saioetan

Berriketan 2025eko azaroaren 18a

Argazkia: Elkar argitaletxea

Literatur solasaldiak bihar (azaroak 26) eta hilaren 25ean izango dira udal liburutegian, 19:00etan. Izen-ematea aurrez egin behar da.

Debako Ostolaza udal liburutegiko Irakurketa Klubak berriro elkartzeko beste bi hitzordu ezarri ditu azarorako. Lehen saioa bihar (azaroak 19) 19:00etan izango da eta, iragarri dutenez, Mikel Pagadiren Bisita azken eleberria aztertuko dute bertan.

Asier Serrano idazle eta musikari eibartarrak gidatuko du hitzordua eta saioa euskaraz izango da. Azaldu dutenez, liburuak Anoetako baserri baten inguruan plater hegalari baten etorrerak sortzen duen egoera du ardatz.

Azaroaren 25ean, berriz, Miren Agur Meaberen Horizonte poema-liburuaz jardungo dute, 19:00etatik aurrera. "Liburu honetan, denboraren poderioz haurtzaroko soinu, paisaia eta emozioekin lotuta jarraitzen duten irakurleei eskainitako poemak biltzen dira. Ane Pikazaren ilustrazioez lagunduta, Horizonte-k bidaia intimo eta sentsoriala proposatzen du, sentimenduz betetako bertsoen bidez", adierazi dute antolatzaileek. Ainhoa Aldazabal eibartarrak dinamizatuko du solasaldia eta gaztelaniaz izango da.

Izen-ematea

16 urtetik gorakoei zuzendutako ekimena da. Beti bezala, solasaldiak 19:00etatik 20:30era egingo dituzte, liburutegian bertan.

Bi saioak doakoak dira eta parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute udal liburutegian, 943 19 25 60 edo 697 44 40 47 telefono zenbakietara deituta, edo ostolaza@deba.eus helbide elektronikora idatzita. Landuko diren eleberria eta poesia liburua, bestalde, norberak eramatea eskatu dute.