Grappling borroka moldean, finalerdietan gogor saiatu bazen ere, Jivan Arakelyan armeniarra ezin izan zuela mendean hartu adierazi du Oinatz Irustak. “Aurretik borroka on bat irabazita heldu nintzen finalerdira eta oso motibatuta nengoen. Gillotinarekin irabazi nuen aurreko borroka, eta, egia esan, sekulako borroka izan zen”.
Bestalde, finalerdietako borroka irabazi izan balu azken fasean egoteko aukera izango lukeela gaineratu du. “Zoritxarrez, puntuka galdu nuen. Oso aurkari gogorra izan zen. Giltza bat egin nion, eta krak bat entzun bazen ere, aurrera jarraitu zuen inongo arazorik gabe”.
Grappling gi kategorian, berriz, zuzenean finalerdietan borrokatu zela adierazi du. “Zortea izan nuen eta txapelketaren zati horretan hasteko aukera izan nuen”. Hala ere, borroka “nahiko eskasa” izan zela aitortu du. “Niretzat oso frustragarria izan zen. Aurkariak lurrera bota ninduen. Kimonotik eutsi eta hortxe izan ninduen helduta, nire gainean, geldirik, denbora agortu arte. Ezer ezin eginda egon nintzen, nahi eta ezinean. Papar-hegaletik eta gerrikotik ondo helduta ninduen eta, epaileak mugitzeko eta borrokatzeko agindu bazion ere, ez zen mugitu. Nahiago izan zuen denbora guztia geldi egon eta horrela irabazi. Pena izan zen, harrapatuta egon izan ez banintz, puntuak lortzeko aukera izango nukeen, baina horrela izan zen borroka”.
"Pozik" mundialean bizitako esperientziarekin
Nazioarte mailan jokatu duen lehen txapelketa izateko “nahiko ondo” joan dela azpimarratu du. “Hasiera batean podiumera igotzeko aukerak izango nituela pentsatzen nuen, baina aurkariak oso onak ziren. Podiumetik hain hurbil geratzea pena izan da, baina ezinezkoa izan da hasierako helburua lortzea”.
Helburua lortu ez badu ere, “pozik” agertu da mundialean bizitako esperientziarekin. “Denbora gutxi daramat kirol hau praktikatzen, bi urte gutxi gorabehera. Aurkari askok nik baino denbora gehiago daramate honetan eta hori igarri egin da; esperientzia falta zait”.
Azpimarratu duenez, pozik dago borroka guztiak puntuka galdu dituelako. “Ez nuen behin ere amore eman eta alde horretatik pozik nago. Azken segundora arte borrokan jarraitu dut; pozik nago egindako lanarekin eta erakutsitako mailarekin. Minik ere ez dut hartu eta hori garrantzitsua da”.